ESTRELLA GALAN. CEAREKO ZUZENDARI NAGUSIA
«Urtebete pasatu dugu ia errefuxiaturik hartu gabe»
Nafarroako Gobernuak CEARekin sinatutako akordioari esker, 50 errefuxiatu gehiago hartu ahalko ditu. Galanek uste du «ezinezkoa» dela garaiz betetzea Europako Batzordeak ezarritako kokapen kuotak.
Berria, , 08-11-2016Errefuxiatu gehiago hartzeko prest dago Nafarroa. CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearekin sinatutako akordioak hori adierazten du: 50 errefuxiatu gehiago hartu ahalko dituzte, 110eraino. Nasuvinsa enpresa publikoak 32 errefuxiatu har ditzaketen sei etxebizitza utziko ditu akordioa gauzatze aldera. Gaur egun, 73 errefuxiatu daude Nafarroan: 61, harrera fasean, eta hamabi, integrazio fasean. CEAR batzordeko zuzendari nagusia da Estrella Galan (Madril, 1971). Akordioarekin «pozik» daudela adierazi arren, uste du oro har ez dagoela batere borondate politikorik.
Nafarroako Gobernuak asilo eta harrera politiken deszentralizazioa eskatu du, errefuxiatu gehiago hartu ahal izateko. Egokia iruditzen zaizue?
Koordinazio on baten aldekoak gara. Ezinbestekoa da autonomia erkidegoek prozesu honetan gehiago parte hartzea, eta komeni da harreman estua izatea autonomia erkidegoen artean eta Espainiako Gobernuaren artean. Autonomia erkidegoek errefuxiatuak hartzeari uko egitea saihestu behar dugu.
Autonomia erkidegoek errefuxiatu gehiago hartzeko gaitasunik badute?
Bai, noski. Nafarroako Gobernuak gaiarekin konpromiso handia du, eta iruditzen zaigu ausarta izan dela. Sumatu dugu eztabaida dagoela errefuxiatuak nork hartu behar dituen, eta eztabaida horretan errefuxiatuak hartzeko gaitasun handia galtzen ari gara.
Egungo erritmoan, Europako Batasunak 43 urte beharko ditu errefuxiatu guztiak kokatzeko. Zergatik doa hain motel prozesua?
Borondate politiko falta handia dago. Europako Batzordeak bi urteko epea eman zuen, 2017ko irailera arte, 180.000 errefuxiatu kokatzeko. Urtebete pasatu dugu ia errefuxiaturik hartu gabe, eta orain ez dakigu horren aurrean zer egingo duen Europako Batzordeak. Kuota horiek garaiz betetzea ezinezkoa iruditzen zaigu, epea betetzeko urte bat baino gutxiago falta delako.
Hortaz, errefuxiatuak hartzeko prozesua bizkortzea ezinbestekoa da?
Bai. Martxan jarri behar dugun prozesua azkarra, eraginkorra eta aktiboa izan behar da. Ezin dugu eztabaida instituzionaletan denbora gehiago galdu.
Turkiak eta Europak sinatutako akordioa bertan behera uztea nahi duzue. Zergatik?
Europako Batasunaren erabaki guztiak errefuxiatuak aldentzeari begirakoak dira. Turkiarekin lotsaren akordioa sinatu zuten; euren betebeharra segurua ez den hirugarren estatu baten gain utzi zuten. Turkian ez dira giza eskubideak errespetatzean, eta kurduei jazartzen zaizkie. Akordioak, gainera, ez ditu emaitza onak izan. Ezinbestekoa da akordio horri babesa kentzea.
Asilo eskaerak onartzeko ere zailtasun ugari daude.
Asiloa eskubide besterenezina da. Berezko izaera kendu nahi diote eskubide hori, eta izaera hori galtzea oso arriskutsua izango litzateke. Errefuxiatuentzat babesa lortzea geroz eta zailagoa da: Espainian, kasurako, hiru pertsonatik batek bakarrik lortzen du asilo eskera onartzea. Auzitegi Nazionalak Hassanna Aalia errefuxiatuaren asilo eskubidea onartu berri du, eta espero dugu horrek jurisprudentzia ezartzea. CEARek asilo eskaera prozesuaren legezkotasuna bermatzeko lan egiten jarraituko du.
(Puede haber caducado)