Gutxienez 240 pertsona hil dira Mediterraneo itsasoan bi ontzi hondoratuta
Onik atera direnen arabera, gomazko ontzietan eta itsaso zakarrarekin eginarazi diete bidaia iheslariei. Libiako kostaldetik itsasoratu dira
Berria, , 04-11-2016Errefuxiatuz beteriko bi ontzi hondoratu dira Mediterraneo itsasoan, Libiako kostatik gertu, eta dozenaka eta dozenaka pertsona ito diren beldur dira erreskate zerbitzuak: 239 pertsona desagertu dira. Europako Batasunak eta Turkiak ituna egin, eta Greziako itsas eta lurreko muga hermetikoki itxi zutenetik, gero eta ugariagoak dira ezbeharrak Mediterraneoan, ia ohikoak bihurtzeraino; IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, aurten itsasoan hildakoak 4.220 dira oraingoz. Datuak jasotzen direnetik, urterik beltzena da. Halere, adituek ohartarazi dutenez, ez dago itsasoan hildakoen kopuru zehatza jakiterik; datu ofizialek erakusten dutena baino handiagoa litzateke giza hondamendia.
Herenegun goizean atera zen Libiatik txalupa puzgarri bat, eta itsasoratu eta gutxira hondoratu zen. Ehun pertsona baino gehiagok bidaiatzen zuten ontzian. 29 erreskatatu ahal izan dituzte. Gomazko beste txalupa bat atera zen atzo goizean Libiako kostaldetik. Erreskate zerbitzuek uste dute 140 bidaiari ito egin direla. Bi pertsona soilik atera dituzte onik uretatik.
Bizirik atera direnen testigantzak jaso ditu UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak. Iheslarien arabera, trafikatzaileek itsasoratzera behartu zituzten itsasoa zakar egon arren. Tripoli gertutik atera dira bi ontziak.
Carlotta Sami UNHCRko bozeramaileak esan duenez, oso egoera kaskarrean zeuden ontziak. «Emakumeak, horietako asko haurdunak, eta umeak zeuden ontzian. Uretan ordu asko igaro dituzte erreskatatuak izan aurretik».
Libiako zeharkaldia
EBko herrialdeek misio militarrak egin dituzte giza trafikatzaileen aurka, eta errefuxiatuak garraiatzeko erabiltzen dituzten arrantzontziak suntsitu dituzte. Baina begi bistakoa da ekintza militarrak bere horretan antzuak direla. Izan ere, trafikatzaileek gomazko ontzi puzgarriak erabiltzen hasi dira, eta, horrenbestez, iheslarientzat bidaia arriskutsuagoa bihurtu da.
Turkiatik Greziara iristen direnen kopurua nabarmen jaitsi da Bruselak eta Ankarak egin zuten akordioaren ondorioz, baina ibilbide alternatiboak hartu dituzte iheslariek. Libiatik Mediterraneoko zeharkaldi arriskutsua eginda, ia 160.000 pertsona iritsi dira aurten Italiara. Iaz baino gehiago —153.000—, eta 2014ko datuetatik gertu. Urte horretan 170.000 pertsona iritsi ziren Europara Mediterraneotik, inoiz baino gehiago.
(Puede haber caducado)