Mikrokredituen urtean hiru milioi euro eman ditu BBK-k

Berria, 20-01-2006

erredakzioa – DONOSTIA

Aitzindaria da BBK mikrokredituen arloan. BBK Gazte Lanbidean eta BBK Solidarioa fundazioek 18 milioi eurotik gorako mikrokredituak eman dituzte jada, eta 4.700 lagunen baino gehiagoren eskaerei jaramon egin diete. Iaz, mikrokredituen nazioarteko urtean, ia hiru milioi euro zituzten gizarte finantzazketarako.

35 urtetik beherako gazte etorkinek eskatzen dute, batik bat, zerbitzu hori. BBK-k jakinarazi duenez, bi helburu izaten dituzte nagusiki: jaioterrian egindako zorra ordaintzera edo negozio txikiak abian jartzera bideratzen dute diru hori.Gazteen lan merkaturatzea errazteko sortu zen, duela zortzi urte, BBK Gazte Fundazioa. Ordutik 1.367 enpresa ekimenetan esku hartu dute, eta 16 milioi eurotik gorako mikrokredituak eman dituzte. Batez besteko kopurua 12.000 eurokoa izan ohi da. BBK Solidarioa, berriz, 2003an sortu zen. Bi urteren buruan 534 egitasmo finantzatu ditu, 2,7 milioi eurorekin.