ERREFUXIATUEN KRISIA. CALAISKO KANPALEKUAREN HUSTEA

Frantzia Calaisko kanpalekua husten hasi da, iheslariak zentroetara deportatuz

Lehen egunean 2.300 pertsonak utzi dute Calais euren borondatez, baina laguntzarik gabeko 1.000 adingabe inguru daude oraindik. Gaur hasiko dituzte eraiste lanak

Berria, , 26-10-2016

Azken egunetan Calaisko errefuxiatuen kanpalekuan bildutako ezinegona eta tentsioa askatu egin da azkenean: Frantziako Gobernua hasia da oihana deituriko gunea husten, eta ehunka pertsona deportatu ditu atxikitze zentroetara. Erresuma Batura iristeko ametsa alboratu dute batzuek, epe batez bada ere, eta onartu dute Parisek eskainitako behin-behineko irtenbidea: Frantzia osoko 283 CAO Orientazio eta Harrera Zentroetara eramango dituzte, eta asiloa eskatzeko prozedura hasi ahalko dute. Halere, kanpalekuan bizi diren askok senideak eta lagunak dituzte Erresuma Batuan, eta nola edo hala helburura iristen saiatuko dira; giza eskubideen aldeko erakundeek ohartarazi dutenez, beste kanpaleku txikiagoak sortuko dira inguruan. 2002. urtean Sangatte migratzaileen zentroa ixtean, eta ondoren sortutako kanpalekua 2009an suntsitzean sortu zuten egungoa. Gaur goizean hasiko dituzte eraiste lanak.

Gobernuko funtzionarioek, azken hilabeteetan, dibulgazio lanak egin dituzte kanpalekuan, eta atzo irtendako errefuxiatuak euren borondatez irten ziren. Calaisko baldintzak kaskarrak dira oso: oinarrizko zerbitzuak falta zaizkie, eta eguraldi zakarrari aurre egiteko sua piztea beste erremediorik ez dute. Otsailean, gobernuak kanpalekuaren erdia eraitsi zuen, eta 6.000 bat pertsonak beste bizitoki batzuetan hartu zuten ostatu. Baina ordutik gehiago iritsi dira; gobernuko datuen arabera, 6.000 pertsona ateratzekoak dira hurrengo egunetan. Errefuxiatuak laguntzen dituzten elkarteek diotenez, 8.000 baino gehiago daude Calaisen.

Goizean goiz ilarak egin dituzte autobusetan sartzeko. Parisek lehen egunean 2.400 pertsona nahi zituen zentrotik aterarazi. Goizeko ilarak desagertuz joan dira, ordea, orduek aurrera egin ahala. Datu ofizialen arabera, 2.318 lekualdatu dituzte horretarako prestatutako zentroetara; azken urtean eraiki ditu Frantziak azpiegitura horiek.

Adingabeen egoera

Besteetan sortutako liskarrak saihestu nahi izan ditu Frantziak. «Operazio humanitario bat da», adierazi du Barne Ministerioko bozeramaile Pierre-Henry Brandetek. 1.250 polizia eta jendarme hedatu ditu gobernuak, eta liskarren aurkako unitateak prest ditu kanpalekuaren kanpoaldean. 700 bat kazetarik jarraitu dute lehen egunean migratzaileen joan-etorria.

Laguntzarik gabeko adingabeen egoera salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. Citizens UK erakundearen arabera, 1.000 haur baino gehiago daude kanpalekuan helduen laguntzarik gabe. Human Rights Watch erakundearen arabera, horietatik 400 bat Erresuma Batuko familiek hartzeko hautatuak izan daitezke, Dublingo arauari jarraikiz. Londresek batzuk jaso ditu dagoeneko, baina atzo eten egin zuen adingabeen lekualdatzea, kanpalekua guztiz hustu arte.

Help Refugee erakundeak salatu duenez, 13 urtez azpiko 49 haur daude Calaisen. Antolaketa «kaotikoa» dela eta, haurrek zailtasunak dituzte izena emateko zein gunetara jo behar duten ulertzeko. Portuko garraiorako edukiontziak haientzako bizitoki bilakatu dituzte hasiera batean. «Haur horien ardura hartuko duen gizarte langilerik ez dago oraingoz», ohartarazi du erakundeak. Bernard Cazeneuve Barne ministroaren arabera, Erresuma Batuak herrialdean senideak dituzten adingabe guztiak hartuko ditu.

Halere, errefuxiatuak laguntzen dituzten ekintzaileen zalantza da ea Parisek hitza beteko duen. Izan ere, aurrekoan iheslariak beren kabuz utzi zituen. «400 pertsona Parisera eraman, eta kalean utzi zituzten. Beste askok asiloa eskatu dute Frantzian, baina zentroetatik ihes egin dute egoera kaskarrengatik», salatu du Anak, BERRIArekin hizketan. Orain bi aste egon zen ekintzailea kanpalekuan —ez du bere benetako izena eman nahi izan—. Gobernuak hitza betetzen badu egoerak hobera egingo duela uste du. «Txabola batean bizi dira, iparraldean, Atlantikoaren ondoan. Beste edozein leku hobea da».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)