Zirrikituetatik begira
Kultura
Deia, , 18-10-2016ZINEGILE eta argazkilaria da bat, margolari eta poeta bestea, eta enbaxada ibiltaria osatzen dute. Parisen bizi dira Siriatik ihesi irten zirenez geroztik. Artistak dira, artea da beren espresiobide eta ogibidea; artea da, halaber, ahanzturaren kontra eta duintasunaren alde darabilten arma bakarra. Egunotan Euskadin dabiltza, beren egia entzun nahi duenari azaltzeko. Furgoneta moduko baten garraiatzen dituzten beti partziala den, eta ondorioz, beti zatika kontatzen den egiaren euskarriak: formatu handiko margo – lanak, oihartzun handiko bertso – lerroak…
Ray Bradbury idazleak esan zuen: “Ez duzu zertan liburuak erre edo estatuak eraitsi behar kultura bat suntsi – tzeko; nahikoa da kultura hori isiltzearekin apurka – apurka desegin dadin nola kultura hala herria bera”. Siriako errefuxiatu artista eta intelektualek badakite, edo susmatu dute, horixe dela beren borroka: irautearena. Badakite munduak ahanzturara kondena dezakeela mendeetan zehar aurrerabide harrigarri askoren iturri izan zen beren kultura aberatsa, orain galbidean dagoena miseria eta basakeriaz baina hitz egiten ez duten kroniketan lurperatuta. Badakite, halaber, behin kultura horren oihartzun oro galdutakoan, alferrik izango direla bakea berreskuratzeko ahaleginak, zer berreskuraturik ez bada geratzen kulturaren aurrietan.
Siriako karabana kulturalak antzeko ekimenak gogora ekarri dizkit, eta gertuena, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren gobernuak abian jarritako Eresoinka hura. Ezinbestean ikusten dira parekotasunak: Historia ofizialaren lerroartean desegitera kondenatuta zegoen geure kultura ahanzturatik salbatzeko ahalegina izan zen, munduan oihartzuna egin zezan eta geure egia partikularra, beti zatika, beti partziala den egia horren berri zabal zezan antolatu zen Eresoinka, eta helburu berberaren oinordeko dira gaur egungo Siriako artista errariak.
Gerrak berdindu egiten ditu herriak, lauza moduko bat ezartzen baitu herri guztien gainean: miseriarena, etorkizunik ezarena, ahanzturarena. Txanpon beraren bestaldean, baina, kultura, herriak berdindu egiten dituena, aberastasuna, oroimena eta itxaropenari eusteko bide bakarra.
(Puede haber caducado)