«Larrialdi» plana hasi du Londresek, Calaisko 400 adingabe hartzeko
1.300 inguru dira kanpalekuan bakarrik dauden etorkin adingabeak. Frantzia datorren astelehenean hasiko da kanpalekua desegiten
Berria, , 18-10-2016«Larrialdi» plana abiatu du Erresuma Batuak, Calaisko (Frantzia) kanpalekuan bakarrik dauden 400 adingabe hartzeko. 6.000-10.000 etorkin daude kanpamentuan, eta, horietatik, 1.300 inguru dira bakarrik dauden adingabeak. Frantziako Gobernua datorren astelehenean hasiko da kanpalekua desegiten, eta, hori ikusita, errefuxiatu adingabeen lekualdatzeak bizkortu dituzte.
Larunbatean, sei errefuxiatuk bidaiatu zuten Erresuma Batura; atzo, hamalau izan ziren, eta gaur hamar dira iristekoak. Frantziako Gobernuaren arabera, adingabe askok senideak dituzte Erresuma Batuan; horiek onartzeko prest agertu da Londres, Barne ministro Amber Ruddek ziurtatu duenez. Erresuma Batuko Gurutze Gorriak ahaideak dituzten 178 adingabe identifikatu ditu jada; aurreko astera arte, ordea, 72 kasu onartu zituen soilik Erresuma Batuak. Banan-banan ari dira aztertzen kasu guztiak. Londresen arabera, Frantziaren administrazio «pisutsuaren» seinale da egoera; Parisen ustetan, arazoa Erresuma Batuaren borondate falta da. Egoera horren aurrean, Frantziako Barne ministro Bernard Cazeneuvek Londresi eskatu dio etorkinekiko duen «betebehar morala» onartzeko, eta akordio «orokor» bat eskatu dio.
Citizens UK erakundeak, Safe Passage programaren bidez (Pasabide Segurua), 70 adingabe babestu ditu, eta lortu du hamar adingabek aukera izatea Erresuma Batuko euren senideekin batzeko. Londresek hainbat eragozpen jarri dizkiela salatu du erakundeak.
Dena den, kanpalekua desegin baino lehen, Calaisen jarraitzen duten errefuxiatu guztiei tokia aurkitu behar die François Hollanderen gobernuak. Etorkinak lurralde osoan dauden 164 Orientazio eta Harrera Zentroetan banatzea da asmoa. Inguruan dagoen zentrorik hurbilena Louvroilekoa da, Calaistik bi ordura.
Errekurtsoa jarri diote
Joan den astean, errekurtso bat aurkeztu zuten 11 GKE gobernuz kanpoko erakundek, Calaisko kanpalekua desegitearen aurka. Helburua zen desegitea atzeratzea, eta «babes neurriak lortzea ahalik eta azkarrena». Egoeraren diagnostikoa egin nahi dute, ahulenek laguntza jaso dezaten.
Calaisko kanpalekuan etorkinek jarritako 72 saltokiak kentzeko agindua eman zuen Estatu Kontseiluak joan den astean: «Ez dituzte betetzen ez segurtasun neurriak, ez osasun neurriak».
(Puede haber caducado)