Orbanek konstituzioa aldatu nahi du Hungarian, iheslariak ez hartzeko
Erreferenduma EBren kuoten aurkakoek irabazi dute, baina gutxieneko parte hartzea lortu gabe
Berria, , 04-10-2016gandeko erreferendumaren ondoren, Viktor Orbanek irabazletzat ikusi du bere burua. Nahiz eta parte hartzea ez zen ailegatu gutxieneko langara, Hungariako lehen ministroak errefuxiatuen harrera oztopatzeko planari eutsi dio, eta jakinarazi du konstituzioan emendakin bat txertatuko duela, EB Europako Batasunak erratekorik izan ez dezan Hungariako migrazio politikan. Horrela, eragotzi nahi du EBk iaz egindako kuota banaketan Hungariari dagozkion 1.300 errefuxiatuak hartzea. «Hungariako gehiengo argi batek Europako Batasunarekin bat egiteko erreferendumean bozkatu eta hamahiru urtera, hungariarrek haien ahotsa entzunarazi dute Europan berriz ere», adierazi zuen Orbanek atzo parlamentuan egindako hitzaldian.
«Nahi al duzu Europako Batasunak parlamentuaren baimenik gabe erabakitzea hungariarrak ez diren herritarrak nahi eta nahi ez Hungarian ezartzeari buruz?», galderari erantzun behar zioten herritarrek herenegun. Erreferendumak baliozkoa izateko erroldaren %50ean ezarria zuen gutxieneko parte hartzea. Urruti gelditu da, ordea, %43,5ean, eta boto baliodunak ez dira %40 ere izan. Orbanek, baina, emaitzaren bertze interpretazio bati heldu dio, bozkatu zutenen artean erabateko babesa jaso baitu ezezkoak: %98rena. Igande arratsean errandakoa berretsi zuen atzo parlamentuan: konstituzioa aldatuko duela. Hala ere, horren inguruko xehetasunik ez zuen azaldu, eta adierazi zuen datozen egunotan landuko dutela gaia. Orbanen Fidesz alderdi eskuindarraren eta KDNP demokristauaren arteko koalizioak diputatuen bi heren ditu, eta, hortaz, konstituzioa aldatzeko behar adinako babesa du.
Erreferenduma arrakastatsua izan dela errateko, Orbanek konparatu du 2004an EBra sartu ala ez erabakitzeko egin zutenarekin. Orduan, 3.056.000 herritarrek bozkatu zuten, herenegun baino 200.000 gutxiagok. «Emaitza ikusgarria lortu dugu, EBn sartzeko erreferendumarena gainditu dugulako».
Oposizioa, Orbanen kontra
Oposizioak, ordea, bertzelako interpretazioa egin du. «Bortz milioi hungariar baino gehiagok ez dute parte hartu», adierazi du Bertan Toloth MSZP alderdi sozialistako diputatuen buruak. Eskuin muturreko Jobbik alderdiak babestu zuen erreferenduma, baina Gabor Vona alderdiko liderrak Orbanen dimisioa eskatu du, helburua bete ez duelakoan.
(Puede haber caducado)