Kulturen Arteko Eguna, Legazpin

Oripavi elkarteak antolatu du eta bosgarren ekitaldi honetako lema ‘Bizirik bizi sareak zabalduz’ da

Diario de noticias de Gipuzkoa, , 27-09-2016

legazpi – Larunbat honetan, egun osoan zehar, Kulturen Arteko Eguna ospatuko dute Legazpiko Euskal Herria plazan. Ekitaldi hau Oripavi (Orientación para la vida) elkarteak antolatu du, bosgarren urtez jarraian.

Festa 11.00etan hasiko da, azoka batekin. Bertan, herrialde ezberdinetako artisautza lanak eta jakiak egongo dira salgai. Gainera, elkarte ezberdinek beraien lanari buruzko informazioa eskainiko dute. Azoka 14.00ak arte egongo da zabalik.

Azokan bederatzi elkartek parte hartuko dute: Ibiliz, Zaporeak, Hotz Legazpi, Lau Katu, On Fire, Oripavi… Janari dastaketari dagokionez, Txina, Maroko, Senegal eta Kolonbiako jakiak dastatzeko aukera egongo da, besteak beste. Mahai batzuk jarriko dituzte eta nahi duten guztiek bertan bazkaltzeko aukera edukiko dute.

12.00etatik 14.00etara, berriz, inoiz etorkinak izan diren hainbat bizilagunek beraien esperientziari buruz hitz egingo dute. Batzuek Legazpira nola etorri ziren azalduko dute eta besteek Legazpitik nola irten behar izan ziren. Ekitaldi honetan hamabi bat lagunek parte hartuko dute. Bakoitzak hamar bat minutu izango ditu bere esperientzia azaltzeko.

Haurrentzako ekitaldiak ere egongo dira. 12.30etik 14.00etara puzgarriak eta jolasak izango dituzte. Bazkaldu aurreko ekitaldiekin bukatzeko, 14.30etik 15.30era Atazal mustika talde donostiarrak kontzertua akustikoa eskainiko du.

Arratsaldean ere hainbat ekitaldi egongo dira. 16.30etik 18.00etara munduko dantzen erakustaldi bat egongo da. Donostiako Esperanza Latina dantza taldekoek eskainikodute erakustaldia.

Ordu berean, jolas kooperatiboak egongo dira haurrentzat eta gurasoentzat. Horretaz guztiaz gain, goiz osoan zehar argazki erakusketa bat egongo da. Errikarte Agirre argazkilari legazpiarrak ateratako erretratuak jarriko dituzte ikusgai. Bertan, jatorri ezberdinetako pertsonen aurpegiak ikus daitezke.

Oripavi elkarteko Gentzane Arruabarrenak gizabanako eta elkarte ezberdinen arteko lankidetza oso garrantzitsua iruditzen zaiela esan du. “Legazpin 35 herrialde ezberdinetako pertsonak daude eta gure helburua bertan jaiotakoak eta etorkinak festa batean elkartzea da. Denok herrialde bereko herritarrak garela azpimarratu nahi dugu”. – A.Z.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)