DOUG CROW. SIUX TRIBUKO BALIABIDE NATURALEN KUDEATZAILEA
«Azken mendeetako harremanik onena daukagu tribuon artean»
Elkartasunaren eta bakearen kanpalekua bihurtu da Red Warrior. «Handia da jasotzen ari garen laguntza». Eskola bat eraiki dute, eta, hara joandako irakasleei esker, umeek dakota hizkuntza ikasten dute.
Berria, , 27-09-2016Standing Rock erreserbako siux tribuko biztanleen abizenei erreparatu baino ez da egin behar konturatzeko ingurumenarekin eta naturako elementuekin daukaten harremana. His Horse is Thunder (Bere Zaldia Tximista da), Brave Bull (Zezen Ausarta) eta Sitting Bear (Hartz Eseria) adibide bakan batzuk baino ez dira. «Naturarekin daukagun interesa eta kezka duela mende askotakoa da», dio Doug Crow Ghost (Doug Bele Mamua) siux tribuko baliabide naturalen administratzaileak. Crow 1970. urtean jaio zen, Standing Rock erreserban, eta, duela bi urtetik, arduraz begiratzen dio Missouri ibaiari. Uste du ETP Energy Transfer Partners enpresak ibaiaren azpian egin nahi duen Dakota Access oliobideak «hondamendia» ekarriko duela Standing Rockera.
Nolakoa da bizimodua Red Warrior kanpalekuan? Hilabeteak daramatzazue protestan.
5.000 eta 8.000 lagun artean batu gara Cannon Ball ibaiaren ertzean. Handia da kanpalekua, eta oso baketsua. Eskola bat eraiki dugu, umeek ikasten jarrai dezaten. Bai irakurtzen, bai idazten, bai matematika ariketak egiten. Irakasleak etorri dira eskolak ematera, eta horrela dakota hizkuntza ere ikasten dute [siuxen hizkuntza] haurrek. Guk egunero errezatzen dugu kanpalekuan. Gure ondorengo belaunaldien alde errezatzen dugu batez ere, haiek ez dezaten motiborik izan borrokarako. Gure nahia da gure ondorengo belaunaldiek kutsadurarik gabeko ura izatea, ur garbia edan dezaten.
Elkartasuna sentitu al duzue?
Izugarri. Laguntza handia jasotzen ari gara leku askotatik: AEBetako gainontzeko estatuetatik zein munduko beste hainbat herrialdetatik. Beharrezkoak ditugun gauzak erosten dizkigute, arropak eta janaria batez ere, eta dirua ere ematen digute. Gainera, legeetan adituak direnek gomendioak ematen dizkigute, enpresari nola aurre egin jakiteko. Esker ona adierazi nahi diegu. Haiei esker, uraren alde borrokan ari direnek jantziak dituzte; janaria dute. Eta seguruago daude kanpalekuan.
AEBetako estatu askotako tribuak elkartu zarete oliobidearen proiektua gelditzeko. Esanahi berezia al du tribuen batasun horrek?
Berrehun bat tribu gaude hemen. Gure harremana azken mendeetako onena da. Oso baketsua. Estatu Batu osoan daude halako proiektuak, eta suntsitu egiten dituzte bertako biztanleen kulturak. 500 urte daramatzate berdin jokatzen. Zutitu eta aurre egiten hasi gara. Bizi garen bitartean, gure bizimoduaren alde jarraituko dugu borrokan.
Oliobideak kolokan jarriko al luke zuen bizimodua?
Gure kultura arriskuan dago. Enpresak oliobidea eraiki nahi duen lekuan gure arbasoak eta tribuko kideak daude lurperatuta. Leku sakratu da. Oliobidea Missouri ibaiaren azpitik igaroko da, eta, apurtuz gero, ibai guztia kutsatuko du. Hori gertatuz gero, ezin izango dugu urik edan, ez eta gure abereak elikatu edo lurrak ureztatu ere. Hondamendia ekarriko du.
Zenbat lagun bizi zarete Standing Rock erreserban?
Siux tribuaren populazioa zazpi mila biztanlekoa da Standing Rock erreserban. Baina Missouri ibaiaren bazterretan, ia Mexikoko golkora arte hedatuta, hamaika milioi pertsona bizi dira. Guztiek edaten dute handik ura.
AEBetako Gobernuak huts egin al du tribuen eskubideak defendatzeko garaian?
Ez gobernuak, zehazki; huts egin duena AEBetako Armadako Ingeniari Taldea izan da [talde horrek eman zion baimena ETP enpresari oliobidea egiteko]. Gobernu bati egotzi behar balitzaio errua, Ipar Dakotako Gobernuari egotzi behar genioke.
Zer jokabide izan du orain arte Etxe Zuriak?
Ez da oso aktiboa izan borrokan, baina pauso txikiak ematen ari da. Uste dut laguntzeko prest dagoela.
Uste duzu lagunduko dizuela proiektua gelditzen?
Horren alde errezatzen dugu egunero. Espero dut baietz
Protestak baketsuak izan arren, ekintzaile askok polizien jarrera oldarkorra salatu dute.
Ez. Poliziak hor daude oliobidea egiten ari diren langileen eta manifestarien segurtasuna bermatzeko. Oliobide enpresa izan da guardiak eta txakurrak lanerako hartuta gu atzera botatzen saiatu dena.
Tribuok betidanik erakutsi duzue naturarekiko errespetua.
Kontzientziazio handia izan dugu betidanik. Ez bakarrik urarekiko. Airea, lurra, baliabide naturalak… Bizirik irauteko beharrezkoak ditugu. Gure parte dira.
(Puede haber caducado)