Ehunka hilotzen bila
Egiptoko kostaldean hondoratutako ontziko 550 bidaiarietatik soilik 163 atera dituzte onik. Lau ustezko trafikatzaile atxilotu dituzte
Berria, , 23-09-2016Herenegun Egiptoko kostaldean hondoratutako ontzian 550 pertsona zihoazen, baina erreskatatutakoak soilik 163 dira. Onik atera direnen testigantzen arabera, «ehunka» lirateke itsasoan itotakoak. Rosetta hiritik hamabi bat kilometrora hondoratu zen ontzia, eta orain arte 42 hilotz atera dituzte itsasotik. AFP agentziaren arabera, ustezko lau giza trafikatzaile atxilotu dituzte.
Frontex Europako kanpo mugak zaintzeaz arduratzen den agentziak egunotan ohartarazi du gero eta gehiago direla Egiptotik Europara bidean ateratzen diren ontziak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 10.000 pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneoan 2014. urtetik.
BBC Erresuma Batuko telebistako berriemailearen arabera, bost egunez egon da ontzia itsasoan. Egunetik egunera gero eta migratzaile gehiago igoarazten zituzten ontzira. Azkenean, 150 pertsonako talde bat ontziratzean hondoratu da. Egiptoko erreskate zerbitzuei egotzi diete motel erantzutea larrialdi deiei; inguruko arrantzaleek atera dituzte uretatik bidaiari gehienak.
Nazioarteko Gurutze Gorriaren Federazioak herrialdeei egotzi die errefuxiatuen krisian neurri nahikoak ez hartzea. «NBEn promesak egin dituzten herrialdeek neurri zehatzak ezarri behar dituzte bizitzak eta gizakien duintasuna salbatzeko», adierazi du Amelia Marzal Gurutze Gorriaren Afrika iparraldeko arduradunak.
(Puede haber caducado)