Giroa itogarri egin da

Istilu larriak izan dira Charlotten, AEBetako Poliziak hirugarren afro-amerikarra hil ostean astebetean. Larrialdi egoera ezarri du Ipar Carolinako gobernadoreak

Berria, Ander Gartzia Badiola, 23-09-2016

Poliziak Charlotteko kaleak hartu ditu Ipar Carolinan (AEB). Tentsioak goia jo du hirian, astearte arratsaldean Poliziak Keith Lamon Scott 43 urteko afro-amerikarra hil ondotik —hirugarren beltza astebetean—, eta Pat MacCrory Ipar Carolinako gobernadoreak salbuespen egoera ezarri du estatuan. Karrikak, beste behin ere, gudu-zelai bihurtu dira Charlotten: ehunka lagunek protestan jarraitu zuten herenegun bigarren gauez jarraian, eta istilu larriak sortu ziren polizien eta manifestarien artean. 44 atxilotu, hainbat zauritu, kristal hautsiak eta manifestariek jasotako ukabilak negar gasek utzitako ke laino artean. Herritar bat, gainera, larri eraman zuten atzo ospitalera, ustez beste herritar batek tiro egin ostean. Atzo, McCroryk laguntza eskatu zien Guardia Nazionalari eta trafiko poliziei, Charlotteko agenteekin batera protestak kontrolatzeko: «Ez dugu onartuko inolako indarkeriarik polizien eta herritarren aurka, ez eta jabetzei eragindako kalterik ere».

Scotten heriotzaren inguruabarrak ez dira argitu, eta horrek haserrea areagotu du. Poliziak argudiatu du tiro egin baino lehen Scott pistola batekin atera zela autotik, eta entzungor egin ziela poliziek arma uzteko egindako eskariei. Familiak, ordea, gezurtatu egin du Poliziak emandako bertsioa, eta azaldu du Scott liburu bat ari zela irakurtzen, semeari itxaroten zion bitartean. Scotten senideek eskaera egin diote Kerr Putney Charlotteko poliziaburuari, tiroketaren uneko bideoa ikus dezaten. Putney prest agertu da, baina ohartarazi du bideoan ez dela ikusten Scottek pistola batekin apuntatzen dienik poliziei, «nahiz eta han zeuden lekukoek hala baieztatu». Poliziak azaldu du bideoa ez duela erakutsiko, ez litzatekeelako egokia izango «biktima baten egunik txarrenaren» grabazioa erakustea.

Hildakoen datu zehatzik ez

Indarkeriak hunkitu egin du AEBetako gizartea. Barack Obama presidenteak ere sosegurako deia egin du. Joan den igande goizean hiru polizia hil zituzten tiroz Baton Rougen (Louisiana); hamar egun lehenago beste bost hil zituzten Dallasen. Bi erasoak testuinguru berberean kokatu dituzte; uste da polizien eskuetan hil diren gazte beltzen heriotzak mendekatu nahi izan dituztela. «AEBetako iritzi publikoaren pertzepzioa da poliziak mehatxupean daudela. Gizarteak uste du gaur egun inoiz baino sarriago egiten dietela eraso poliziei, eta inoiz baino gehiago hiltzen dituztela», kontatu dio Seth Stoughton Hego Carolinako Unibertsitateko irakasleak BBCri. Halere, datuei erreparatuz gero, hildako polizien kopurua jaitsi egin da urtez urte.

Aldiz, poliziek zenbat lagun hiltzen dituzte urtero AEBetan? Ez dago datu zehatzik. Hala aitortu zuen joan den urtean James Comey FBIko zuzendariak: «Ez daukagu informazioa bilduta». Comeyk onartezintzat jo zuen hilketen inguruko informazio iturriak egunkariak izatea. «Jendeak badaki zenbat jende joaten den zinemara. Baina nik ezin dut baieztatu Poliziak zenbat pertsonari egin dion tiro AEBetan azken hilabetean».

Hain zuzen ere, egunkari bat izan da informazio hori biltzen ibili dena, 2014ko abuztuan Poliziak Michael Brown gaztea tiroz hil zuenetik Fergusonen (Missouri). Washington Post-en arabera, iaz 990 lagun hil ziren AEBetan, Poliziak tiro egin ostean. Hori al da urteroko batez bestekoa? Kimberly Kindy kazetariak dio 2016a bide beretik doala. «Areago: kopurua %6 hazi da aurten».

Washington Post-ek kaleratutako txostenak, gainera, polizien eskuetan hil diren pertsonen soslaia osatu du. Erdiak zuriak dira; gainontzekoak, gutxiengo diren etnietakoak. Hala ere, multzo bakoitzaren proportzioari erreparatuz gero, garbi antzematen da biktima beltzen kopurua guztien gainetik dagoela. Afro-amerikarrak AEBetako populazioaren %13 dira, eta Poliziaren biktimen %26. «Indizeari begiratuta eta biktima zuriekin alderatuz, poliziek 2,5 aldiz gehiagotan egiten diete tiro afro-amerikarrei», aztertu du Kindyk. Poliziaren indarkeria jasan duen beste multzo handi bat hispanoena da. Aurten jatorri latinoamerikarreko 111 lagun hil dituzte.

Hildakoen kopurutik haratago, baina, bada beste datu esanguratsurik ere, gizarteko arazo larri bat begi bistan jartzen duena: inpunitatea. Urtero 1.000 lagun inguru tiroz hil arren, polizia gehienak ez dituzte identifikatzen. Hamar kasutik lautan baino ez da ezagutzen uniformedun zein agentek egin duen tiro.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)