Errefuxiatuekiko konpromiso bila izan da azkenekoz Obama NBEn

AEBetako presidenteak funts handiagoa, eta hezkuntza eta lana lortzeko bermeak eskatu dizkie 45 bat herrialderi. Ban Ki-moon idazkari nagusiarentzat ere azken Batzar Nagusia izan zen atzokoa

Berria, Ander Perez Zala, 21-09-2016

Azken aldiz mintzatu zen atzo gainontzeko herrialdeen aurrean Barack Obama, AEBetako presidente gisa. Errefuxiatuekiko konpromiso «esanguratsuen» bila bildu zen NBEren Batzar Nagusira; batik bat, funts handiagoa lortzeko, errefuxiatuen onartze tasa handiagoa finkatzeko, eta aukera hobeagoak izan ditzaten.

Azken diskurtsoan, AEBetako presidenteak gogorarazi du hormaz inguratutako herrialde batek bere burua «kartzelatuko» lukeela, herrialde eta politikari batzuen posturei erreferentzia eginez. Errefuxiatuei buruz, Obamak argi du mundua «seguruagoa» izan daitekeela errefuxiatuek laguntza jasoko balute. Haren ustez, herrialde batzuk «ondo» jarduten ari dira gai horretan; beste batzuk, ordea, ez. «Aberastasun handia eta geografia lagungarria duten herrialdeak dira horiek. Batzuetan errazagoa dute beren burua definitzea gorroto dutenaren arabera, denok batzen gaituenaren arabera baino», Obamaren ustetan.

AEBetako presidenteak Liderren Goi Mailako bilera bat antolatu zuen atzo, errefuxiatuen egoera aztertzeko. Haren hiru proposamen ziren eztabaidatzekoak: errefuxiatuentzako diru laguntza 3.000 milioi dolarrera areagotzea, milioi bat gazteri hezkuntzarako sarbidea bermatzea, eta beste hainbeste errefuxiaturi lanpostuetarako sarrera erraztea.

Horrez gain, Obamak aurreko astean adierazi zuenez, AEBek onartuko dituzten errefuxiatu kopurua 110.000raino igotzea da datorren urterako helburua. «2015ari alderatuz, %56 areagotuko dugu zifra», azaldu zuen NBErako AEBen ordezkari Samantha Powerrek, herenegun. Gainera, Etxe Zuriak atzo baieztatu zuenez, AEBtako 51 enpresek 650 milioi euroko laguntza emango diete hogei herrialdetako 6,3 milioi errefuxiatuei. Horien artean daude Airbnb, Facebook, Twitter, Goldman Sachs, Google, Ikea, Linkedin, Mastercard eta Microsoft.

Atzo Batzar Nagusian egindako hitzaldia ere azkenekoa izan zen NBEren idazkari nagusi Ban Ki-moonentzat. Aspaldidanik egindako diskurtsorik kritikoenarekin agurtu zen. Besteak beste, kritiko agertu zen errefuxiatuekin, eta, oro har, migratzaileekiko «gorrotoa» sustatzen dutenekin. Batez ere, musulmanekiko sortzen duten gorroa nabarmendu zuen: «Eraso egiten diete, estereotipo eta susmoekin. Iraganik ilunena gogorarazten du», NBEren idazkari nagusiaren ustetan.

Batzar Nagusiak atzo hasi zuen datorren astelehena arte iraungo duen eztabaida. Esaterako, errefuxiatuen aldeko adierazpen bat onartu zuten, herenegun, errefuxiatuak babesteko nazioarteko arau estandarrak ezartzearen alde. Dena den, adierazpenak ez du pauso zehatzik proposatzen, eta ez da legez bete beharrekoa.

3.210 hilda edo desagertuta

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 300.000 errefuxiatuk baino gehiagok igaro dute aurten Mediterraneoa, Italiako edota Greziako kostaldeetara iristeko; aurreko urteko garai berean 520.000 izan ziren. Hala ere, 3.210 migratzaile hil edo desagertu dira 2016a hasi zenetik, aurreko urte osoan baino %15 gutxiago: «Horrela jarraituz, 2016 urterik hilgarriena izango da Mediterraneoan», UNHCRk ziurtatu duenez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)