EB gotortu nahi du Junckerrek
Mugen kontrola indartzearen alde agertu da batzordeko presidentea, errefuxiatuen krisi betean, eta «base militar komuna» eratzea proposatu du. Batasuna «krisian» dagoela dio
Berria, , 15-09-2016Europako Batasuna «krisi existentzial betean» dagoela aitortu du Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak. «Europa ez da nahikoa soziala, eta hori aldatu beharra dago», adierazi zuen atzo Europako Parlamentuaren aurrean, Estrasburgon (Frantzia). Junckerrek nabarmendu du brexit-ak eta errefuxiatuen aferak sortutako krisiaren aurrean egitasmo zehatzak bultzatu behar direla, eta desadostasunak gainditzeko deia egin du, «Europako ametsa bukatuko duten errudunak izan ez gaitezen».
Europako Parlamentuari agertutako proposamenetan, baina, Junckerrek ia aipatu ere ez ditu egin batasuneko kideek errefuxiatuei ateak zabaltzeko hartu beharreko neurriak: «Europak elkartasuna erakutsi behar du, baina ezin daiteke ezer inposa. Bihotzetik atera behar da». Horren aurrean, mugen kontrola indartzearen alde agertu da Juncker, eta, besteak beste, proposatu du «base militar komuna» eta «Europako defentsarako funtsa» eratzea. Junckerren asmoek berehalako eragina izan dezakete; datorren hilabetea baino lehen Turkiaren eta Bulgariaren arteko mugara 200 polizia bidaltzea eskatu du. Bulgariak laguntza eskatu die gainontzeko kideei, errefuxiatu askok eta askok hara jo baitute, Turkia eta Grezia banatzen dituen Egeo itsasoko joan-etorriak mantsotu ostean. «Europak ezin du onartu beste indar militar batzuen atzetik ibiltzea, edo Frantzia bakarrik uztea bere ohorea defendatzen Malin», defendatu da Juncker. Argumentu ekonomikoekin ere saiatu da justifikatzen. Haren esanetan, «kooperazio militar faltak» urtero 25.000 eta 100.000 milioi euroko gainkostua eragiten dio batasunari. Kontu ekonomikoetan babestuta, agindu du urtea bukatu aurretik funts komun bat proposatuko duela ikerketak eta berrikuntzak sustatzeko defentsa arloan. Europako Batzordeko presidentearen esanetan, operazio asko eta asko NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundek abiarazitako operazioen osagarri lirateke. Lehenago ere proposatu izan dute Frantziak eta Alemaniak kooperazio handiago bat, defentsa komunerako politikak garatzeko.
Era berean, Junckerrek hitzeman du azaroa iritsi aurretik bidaien informazioa kontrolatuko duen Europako sistema bat aurkeztuko duela. «Pertsona bat EBn sartu edo handik ateratzen den aldiro, gordeta geratuko dira eguna, lekua eta bidaiaren arrazoia».
Parlamentuko talde nagusiek ere harrera ona egin diote Junckerren diskurtsoari. «Segurtasuna babesten dugu. Datuen banaketa eraginkorra nahi dugu, eta guztiok babestuko gaituen Europako mugen guardia bat», adierazi du Manfred Weber popularren liderrak. Sozialistak ere defentsa politika bateratuaren alde azaldu dira. Gianni Pittella talde sozialistako presidentea: «Europa gehiago behar dugu, baita atzerri politiketan, segurtasunean eta defentsan ere».
Kritikak ere jaso ditu batzordearen proposamenak estatu kideen artean. Danimarkako Atzerri ministro Kristian Jensen zorrotz mintzatu da: «Europako Batasunak buru-belarri ekin behar dio lanpostuak sortzeari, segurtasuna handitzeari eta legez kanpoko immigrazioaren aurka borrokatzeari. Norabide hori hartu du Danimarkak, eta uste dut Junckerren planak baino babes handiagoa duela». Jensenek uste du Danimarkaren jarrerak babes zabalagoa lortuko duela etzi, Bratislavan, batasuneko kideek egingo duten bileran —Erresuma Batua ez da izango—.
«Bozak galtzeko beldur»
Ikusmina handia zen, brexit-aren osteko lehen eztabaida baitzen legebiltzarrean EBren egoera ardatz zuena. Iazko eztabaidan autokritika zorrotza egin duen Junckerrek; aurten onartu du gauza asko dituela oraindik hobetzeke batasunak. «Inoiz ez ditut horren ahul ikusi nazio gobernuak indar populisten aurrean, ezta hauteskundeak galtzeko horren beldurtuta ere». Junckerrek presente izan du Europan alderdi populistek izan duten gorakada: «Populismoak ez ditu arazoak konpontzen. Sortu egiten ditu». Brexit-ari aipamen bat baino gehiago egin dizkio hitzaldian: «Errespetatu arren, britainiarren erabakia deitoratu egiten dugu. Halere, erabakiak ez du mehatxatzen Europako Batasunaren existentzia». Hitza zuela aprobetxatuta, EBren itunaren 50. artikulua «ahalik eta azkarren» betetzeko eskatu zion Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari, brexit-aren negoziazioak abiarazteko. Dagoeneko, Europako Batzordeak badu bere negoziazio lantaldea: Michel Barnier Frantziako ministro ohia izango da burua; Sabine Weyanda Europako Batzordeko Merkataritza Departamentuko zuzendariordea bigarrena izango da.
(Puede haber caducado)