Kostaldea
Guraso eta etorkinek euskara ikasi ahalko dute Bermeon
HABE, Foru Aldundia eta Udalaren diru laguntzei esker ikasle bakoitzak 500 euro jaso ahalko ditu
Deia, , 13-09-2016Bermeo – Udalerriko bi euskaltegiak udalarekin batera duten elkarlanari esker, aspaldiko urteetan gertatzen den bezala, Bermeoko guraso eta etorkinek euskara ikasteko aukera izango dute aurten ere. Ikastaroek bi helburu izango dituzte: alde batetik, familia bidezko transmisioa indartzea euskara ez dakiten gurasoei ikasteko erraztasunak emanez eta, bestetik, kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zabaltzea.
Juan Karlos Agirrek, Euskara zinegotziak azaldu zuen bezala, “urtero eskaintzen diren ikastaro hauek urrian hasiko dira ekainera bitarte, eta batean zein bestean, taldeari egokitutako metodologia erabiliko dute”. Gurasoei zuzendutako ikastaroak AEK euskaltegian izango dira, 120 orduko iraupena izango dute eta 20 euroko prezioa. AEK – ko arduradunak, Iratxe Garmendiak, adierazi zuenez, ikastaro hauetan bai euskaraz ez dakitenek eta bai berbetan jakin arren, alfabetatu nahi dutenek parte hartu ahal izango dute. Bestalde, etorkinei zuzendutako ikastaroari dagokionez, Gotzon Garitonaindia euskaltegian antolatuko dira eta udal ordezkarien hitzetan, 120 orduko ikastaroa urrian hasiko da eta matrikularen truke 10 euro ordaindu beharko dira, materialaz gain.
Euskara ikasteko doakotasunaren bidetik, aurten, ikasleek beste aukera bat izango dute HABEk, Bizkaiko Foru aldundiak eta Bermeoko Udalak ematen dituzten diru laguntzei esker. Ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko diru – laguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko eta “urtean zehar egin daitezkeen ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 euro jaso ahal izango ditu”, adierazi zuen Agirrek atzoko prentsaurrekoan.
(Puede haber caducado)