Zapidun ikasleei trabarik ez jartzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzak eskolei
Jarraibide bat egin du Hezkuntza Sailak, eta zapiaren aurkako arauak indargabetzeko eskatu du
Berria, , 09-09-2016apiaren erabilera ez galarazteko. Jarraibide hori bidali die Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoei. Ikasturteko lehen egunean, herenegun jaso zuten txostena eskolek, iturri ofizialek BERRIAri baieztatu diotenez. Aurreko ikasturtean polemika sortu zen Gasteizen, bi ikasleri eragozpenak jarri zizkietelako buruko zapiarekin eskolara joateko. Hori eteteko eskatu du Hezkuntza Sailak agirian: «Ez galarazi buruan zapia daramaten nesken eskolatzea». Zentroko arauak aipatu izan dituzte zapiari trabak jartzeko, burua estalita joatea ez dutela onartzen arau horiek. Jaurlaritzak eskolei eskatu die kasu horretan aldatzeko barne arauak, eta ez jartzeko eragozpenik zapia daramatenei.
Aurreko ikasturte amaieran irten zen gaia hizpidera, Gasteizen: 10 urteko neskato bati debekatu egin ziotela gelara sartzea, buruan zapia zuelako. Argudioa: ikastetxeko arauetan jasoa dagoela eskolara ezin dela joan burua estalita. Zuzendaritzak hartu zuen erabakia, guraso elkartearen babesaz.
Ikasgelara sartzeko galarazpenaren ondotik, esku hartu zuen Hezkuntza Sailak. Erabaki zuten neskatoa joan zitekeela eskolara, baina ez zela ikasgelara sartuko: zuzendaritzaren bulegoan gera zedila adostu zuten. Erabaki hori diskriminatzailea izan zela salatu zuten etorkinen eskubideen aldeko talde batzuek, eskolak jasotzean neskatoa bereizi egin zutelako. Irudi bat ere erakutsi zuten, umea nola egoten zen bakarrik, beste ikaskiderik gabe, eskola garaian.
Curriculuma argudio
Ikasturte berria hasi denean hartu ditu neurri argiak Hezkuntza Sailak. Hiru orrialdeko jarraibide bat egin du zapia galaraztearen aurkako argudioak emateko. Nabarmendu du ikasleek oinarrizko gaitasunak lortu behar dituztela «gero eta globalizatuagoa eta interdependienteagoa den mundu honetan bizitzeko». Egoera horretan, ohar hauxe egin du: «Komeni da jakitea kultura bakoitza zer erantzun ematen dien premia horiei, etnozentrismoaren arriskuak saihesteko eta beste kultura batzuen ekarpenak balioetsi edo onesteko, kultura artekotasunaren eta kultura inklusioaren bidez, kulturen arteko errespetua eta elkarrizketa sustatzeko asmoz».
Aniztasunaren argudioaren aurrean, beste bat jarri izan dute: ikastetxeen autonomia. Heziberri proiektuan aitortua dute eskola bakoitzak baduela autonomia, baina ohar egin du gobernuak: «Beharrezkoa da autonomia izatea ikastetxeko hezkuntza proiektua inguruko ezaugarrien arabera erabakitzeko, baina ikastetxea hezkuntza sistema baten barnean dago, eta modu interdependentean funtzionatzen du». Hortaz, sailaren arabera, helburu orokorrak bete egin behar dituzte eskola guztiek. Horregatik, eskolei eskatu die alda ditzatela zapia erabiltzea eragozten duten araudiak.
SOS Arrazakeria elkarteko eledun Fede Garciarekin hitz eginda, azaldu du ez dutela Jaurlaritzaren erabakiaren berri izan. Aldaketak sumatu dituzte, baina. Haren arabera, bi neskatok izan dituzte gorabeherak Gasteizen, eta horietako bat eragozpenik gabe hasi da eskolan orain, zapiarekin. Beste neskatoa datorren astean hasiko da eskolan, kanpoan baita orain.
Beste gomendio bat ere egin die gobernuak eskolei: «hezkuntzaren arloko konpromisoak» sustatzea familiekin. Helburua da «ikasleek bizialdi osorako oinarri sendoak lortzea, gai izan daitezen beren bizitzak zentzuz gidatzeko eta beren helburuak hautatzeko».
(Puede haber caducado)