MUNDUA
Europak iheslarien kartzela erraldoi bihurtu du Grezia
Grezian harrapatuta daude 57.000 bat errefuxiatu, 50 kanpaleku ingurutan sakabanatuta. Baldintza kaskarrengatik eta etorkizuneko aukera urriengatik etsita, giza trafikatzaileetara jo beste erremediorik ez dute.
Berria, , 08-09-2016alkanetako bidea itxita, eta asilo eskubidea mugatuta. Ezin dute aurrera egin, baina ez daude prest Europako kontinentea zapaldu bezain pronto ametsa bertan behera uzteko. EB Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko itunak toki txarrean utzi ditu Grezian harrapatutako dozenaka mila iheslariak. Herrialde osoan sakabanatutako kanpalekuetan atxiki dituzte 57.000 pertsona inguru. Zenbaitetan, protestak hasi dituzte baldintza txarrak direla eta.
Grezian, 50 kanpaleku inguru daude. Errefuxiatu talde batek Katsikas kanpalekua utzi du aste honetan, eta herriko parke batera jo du, protesta modura. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariari eskatu zioten beste kanpaleku batera lekualdatzeko, baina ez die jaramonik egin. Kanpalekuan lan egin duten boluntarioen arabera, 536 pertsona geratzen dira, udaberrian zeudenen erdiak.
Katsikas adibide bat besterik ez da. Skaramagas Pier, Softex, Samos, Lesbos… Giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dituzten errefuxiatu esparruen zerrenda luzea da.
Zaporeak proiektuak Kiosen harrapatuta dauden iheslarien bizi baldintzak hobetzeko lan egiten du. Daniel Rivas kazetaria da proiektuaren koordinatzailea. «Kioseko kanpalekuak aldi baterako izateko prestatu ziren hasieran. Eta ezin direnez zabaldu, baldintzak oso prekarioak dira», esan dio Rivasek BERRIAri.
UNHCRk aterpeak eraiki ditu, baina ez dira nahikoak uhartera iritsitako pertsona guztiak hartzeko, eta familia gehienak dendetan bizi dira. «Batzuk sei hilabete daramate horrela».
Iheslariak frustratuta daudela dio Rivasek; ez dute mugitzeko askatasunik, eta harrapatuta daude uhartean. «Ezin dute ferry bat hartu eta Atenasera joan». Badakite negua iristean are okerragoa izango dela. «Euria egiten duenean, azkar sor daitezke uholdeak, eta tragedia bat gertatzeko arriskua dago».
3.000 iheslari inguru daude egun Kiosen. Etorkizuneko aukera gutxi dituzte. Legezko bideari jarraitzen diote batzuek, eta asiloa eskatzeko prozedura hasten. Baina denbora asko eskatzen die, elkarrizketa gutxi egiten baitituzte. «Dirua duenak trafikatzaileei ordaintzen dio kontinentera eramateko. Ez dute beste biderik»
(Puede haber caducado)