Motxila solidarioak, haur errefuxiatuei laguntzeko

Ekimena Hotz-Oñati taldeak jarri du martxan eta materiala hilaren 16a arte jasoko dute

Diario de noticias de Gipuzkoa, , 06-09-2016

oñati – Errefuxiatuen kanpalekuetan dauden haurrei laguntzeko helburuarekin, Motxila solidarioa izeneko kanpaina jarri du abian Hotz – Oñatik. Herriko neska – mutikoek erabiltzen ez dituzten motxilak bidaltzea da asmoa, eta ahal bada, eskola materialarekin: koadernoak, margoak, arkatzak… Honetaz gain, bi galtzerdi pare berri eta pare bat kantzontzilo edo kulero berri, eta neguko erropa (eskularruak, bufanda edo txapela) ere eskatzen dira. Ikastetxeetara edo Hermansoloñak Bidebarrietan duen edukiontzira eraman daitezke hilaren 16a baino lehen. Iraila bukaeran Greziako kanpalekuetako eskoletara bidaliko dituzte Dandelion GKEaren bidez.

Bestalde, Himaya izenburuko proiektuan laguntzen ari da Hotz – Oñati. Egoera delikatuenean dauden errefuxiatuei Grezian bertan etxebizitzak alokatzen laguntzea da xedea, eta horretarako, diru – baliabideak lortu nahi dituzte. Beraz, egitasmo honetan lagundu nahi dutenek hilean euro bateko (urtean 12 euro) ekarpena egin dezakete.

pintxo – pote solidarioa Eta beste ekintza batzuen artean, ostegun honetan pintxo – pote solidarioa ere antolatu du taldeak, Foruen enparantzan 19.00etatik aurrera. – A.D.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)