NBEk burkiniaren debekua berehala ezeztatzeko eskatu die Frantziako 30 herriei
Frantziako Estatu Kontseiluak ostiralean hartutako erabakia betetzera deitu ditu, «intolerantzia» eta «estigmatizazioa» eragiten dutelakoan
Berria, , 31-08-2016Burkinia debekatzeko erabakia hartu duten tokiko administrazio guztiei berehala indargabetzeko eskatzen diegu, epaiaren eremu geografiko mugatua aprobetxatu beharrean». Hala mintzatu zen atzo Rupert Colville, NBEren Giza Eskubideen Goi Mandatariaren bozeramailea. Frantziako Estatu Kontseiluak ostiralean hartutako erabakiari erreferentzia egin zion Colvillek: epai horrek Villeneuve-Loubeteko Herriko Etxeak burkinia debekatzeko hartutako erabakia baliogabetu zuen, eta bide bera hartu zuten gainontzeko 30 udalen debekuak bertan behera uzteko bidea ireki zuen. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere atea itxi zien debekuei.
Burkinia erabiltzearen debekua «berehala» indargabetzea eskatzeko, hainbat arrazoi eman zituen Colvillek. Bidea itxi zion debekua laikotasunaren izenean egiteari: «Giza eskubideen nazioarteko estandarrei jarraiki, erlijio sinesmenen adierazpenak murriztea —janzkera barne hartuta— testuinguru oso mugatuetan soilik onartzen da, segurtasunarekin, ordenarekin, osasunarekin eta moral publikoarekin lotutako kasuetan. Horietako bat bera ere ez dator bat burkiniari jarritako Frantziako betoarekin». Are gehiago, neurri horiek ez dutela segurtasuna hobetzen azpimarratu zuen.
Izan ere, nabarmendu zuen argudio horri eusteak «intolerantzia erlijiosoa» eta «musulmanen estigmatizazioa» bultzatzen dituela; «batez ere, emakumeena». Colvillek azaldu duenez, ezin zaie egotzi burkinia edo antzeko jantziren bat darabiltenei beste pertsona batzuek izan ditzaketen jarrera bortitzen errua: «Edozein neurri publikok biolentzia sustatzen duten horientzat izan behar du, eta ez hondartzan pasieran dabiltzan emakumeen kontra edo eroso sentitzen diren jantziarekin bainatu nahi dutenen kontra».
NBEren adierazpenaz gain, Nizako Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen Cannesko hondartzetan burkinia erabiltzeko debekua atzo, Frantziako Estatu Kontseiluaren ebazpenari jarraiki. Cannes izan zen, hain zuzen, erabakia hartu zuen lehena, uztailaren 28an. Horren ondotik etorri zen gorputz osoa estaltzen duten bainujantzien aurkako soka luzea: beste 30 herriko etxek jarraitu zioten bide berari.
Gehienak, bere hartan
Frantziako Estatu Kontseiluaren ebazpenaren aurretik, kontrakoa izan zen Nizako auzitegiaren epaia: burkinia erabiltzeko debekua «beharrezkoa» eta «proportzionala» zela esan zuen, Frantzian azken boladan izandako atentatuak direla medio «probokazio gisa» hartua izan zitekeelakoan. «Ohitura onak, laikotasuna, higiene irizpideak eta segurtasuna» argudiatu zituen.
Giza Eskubideen Ligak eta Islamofobiaren Kontrako Frantziako Komiteak egin zuten Villeneuve-Loubeteko Herriko Etxearen debekua baliogabetzeko eskaera: Nizako auzitegiak udalaren alde egin zuen, baina Frantziako Estatu Kontseiluak bi elkarteen alde egin zuen ostiralean. Horren ondotik, bi herriko etxek soilik hartu dute debekua baliogabetzeko erabakia: Oye Plagek eta Ezek. Besteek eutsi egin diote.
Beste zenbait baliogabetze eskaera eginak ditu komiteak, Niza, Menton, Roquebrune Cap Martin eta Frejus herrietako etxeen aurkakoak, eta epaien zain dago. Debekua ezarri duten gainontzeko herriko etxeen erabakiak baliogabetzeko ere eskatuko du.
(Puede haber caducado)