Grezian jarraitzea aztertuko du Zaporeak elkarteak aste honetan

Jazarpena salatu du boluntario batek: bi autok, bidea itxi, eta beste norabide bat hartzera behartu zuten. «Ziurgabetasuna» nagusi dela adierazi dute hango egoerari buruz

Berria, Ander Perez Zala, 30-08-2016

Beste eraso bat salatu du Zaporeak elkarteak. Martxoan Greziara iritsi zirenetik, proiektuko boluntarioek eraso ugari jasan dituzte. Oraingoan, Kiosen (Grezia) jazarpena pairatu duela salatu du boluntario batek. Azken eraso horren ondorioz, Grezian jarraitzea aztertuko du elkarteak aste honetan: «Erasoen araberakoa izango da. Ikusiko dugu ea gai izango garen ustekabeak jasateko».

Herri hartako elkartearen koordinatzaile Daniel Rivasek azaldu duenez, boluntarioa errefuxiatu batzuekin geratua zen, eta Kios hiritik ateratzean ohartu zen bi autok jarraitzen ziotela. Apartamenturako bidea hartzen saiatu zenean, ordea, bi autok, bidea itxi, eta beste norabide bat hartzera behartu zuten. Ordubetez gidatu behar izan zuen kostaldeko herri bateko taberna batean sartu eta dei bat egitea lortu zuen arte. Zaporeak-ek salaketa bat aurkeztu du, eta Espainiaren enbaxadari helarazi dio jasaten duen egoerari buruzko kezka.

Elkartearen sukaldeak ere jasan ditu hainbat eraso, eta tokiz aldatzea erabaki dute; «gainera, toki handiagoa behar dugu». Erasoei buruz Poliziarekin hitz egitean, jasotako erantzuna harrigarritzat jo du Rivasek: «Esan didate erasoen atzean ez dagoela irlako jendea». Koordinatzaileak argi du arriskua eguneroko jardunetan dagoela. «Arriskuak txikiagotu nahi ditugu. Agian segurtasun pribatua jarri beharko dugu». Zaporeak proiektua 1.500 pertsonarentzat ari da lanean, egunero. Oztopoak oztopo, Grezian lanean jarraitu nahi du Rivasek, baina argi du arriskuak ere badaudela. «Kontu handiarekin ibili behar dugu; ikusiko dugu noiz arte iraun dezakegun».

Hala ere, errefuxiatuekiko konpromisoa dutela transmititu nahi izan du: «Azkenean, maitasuna hartu diogu toki honi, hemen dauden errefuxiatuei, nahiz eta egoera ez den erraza».

Boluntarioen segurtasuna

Greziara bidaiatzen duten boluntarioak «orokorrean» segur sentitzen dira. «Tokian tokiko» erasoak dira, eta Rivasek deritzo normala dela boluntarioak «haserre» egotea. Hala ere, argibide batzuk zabaldu dituzte euren artean: inor bakarrik ez egotea, ezta bakarrik bidaiatzea ere. «Errefuxiatuek ez badute jaten, bizpahiru egunetan arazoak izango dira».

Grezian duten egoera honela deskribatu du Rivasek: «Ziurgabetasuna da nagusi. Errefuxiatuak hemen geratu dira; lehen, hemendik pasatzen ziren, baina, orain, askok geratzea erabaki dute, eta jatekoa eman behar zaie». Proiektuaren etorkizuna bermatzeko, hainbat arazo planteatu ditu Rivasek; horien artean, baliabideak amaitzea: «Ez dakigu zenbat janari izango dugun, zenbat funts. Ezin dugu dena egin».

Horregatik, gakoa elkartearen diru-emaileak direla azaldu du Rivasek: «Noiz arte finantzatuko dute hau guztia? Jende askoren dirua erabiltzen ari gara». Uste du Greziako Gobernuak ez duela interesik elkarteak haren lana egin dezan. «Gure lanari esker dirua aurrezten ari da; kontraesanezkoa da». Kritiken jomuga erakundeetan jarri du koordinatzaileak: «Fenomeno hau oso gaizki kudeatzen ari dira, eta horren lekuko gara». Eraso guztien helburua da errefuxiatuei bazkaria ematea galaraztea. Besteak beste, argindarra kendu diete, eta sukaldean sartu dira, hurrengo egunerako prest zegoen janaria «alferrik galtzeko».

Mota askotako arrazoiak

Erasoen atzean hainbat motatako arrazoiak daudela deritzo Rivasek. Batetik, arrazoi ekonomikoak: «Hona iristean, argi genuen sektore bat edota bizilagun talde bat ez zegoela errefuxiatuen presentziaren alde, eta are gutxiago haiek laguntzearen alde. Turismo asko galdu dute eremu honetan, eta, ondorioz, sektore horretan lan egiten duen jendeak diru asko galdu du. Hasieran ere errefuxiatuen artean borrokak zeuden gauerdietan, iskanbilak, eta gutxi batzuek ihes egitea lortu zuten».

Horrez gain, arrazoi ideologikoek ere pisua dutela uste du: «Kontuan hartu behar da euren herrian gaudela, eta, berez, herritarrek eskuineko ideologia dutela, eta kontserbadoreak direla. Egun batetik bestera nazioarteko 30 boluntario agertu dira. Uste dute errefuxiatuei jatekoa ematen badiegu ez direla inoiz joango. Hori gezurra da. Ankerra da hori pentsatzea, eta logikarik gabekoa». Nizako hondartzan gertatu bezala, Kiosen ere burkiniarekin arazoak izan dituzte zenbait emakumek. «Aurrekoan, hiru errefuxiatu burkiniarekin bainatzen ari ziren, eta emakume zahar batzuk agertu ziren haiei oihukatuz hau Europa dela eta ezin direla horrela bainatu».

Sektore zehatz batean jarri du arreta Rivasek: «Gutxi dira, baina eragin handia dute. Errefuxiatuen aurkako manifestaldietan ikusi ditugu horietako asko».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)