Mundua

Iaz epe berean baino 851 errefuxiatu gehiago hil dira lehen seihilekoan

Nazioarteko Migrazio Erakundeak dio %23 handitu dela kopurua. AEBetara bidean konpainia gabeko 26.000 adingabe atxilotu dituzte

Berria, Julen Aperribai, 24-08-2016

abarmen egin du gora bizitza hobe baten bila euren herrialdeetatik ihes egiteko ahaleginean hildako pertsonen kopuruak. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak lehen seihilekoaren datuak eman ditu, eta 851 gehiago dira aurten hildako errefuxiatuak. Zehazki, 3.700 dira; horietatik %78 Mediterraneoan hil dira. Eremu horretan %28 igo da hildakoen kopurua; iaz baino 660 heriotza gehiago.

Bertan dago Europara sartzeko Siziliako kanala, Libia eta Italia lotzen dituena. Eta Marokotik Espainiarako bidea egiten dutenen egoera ere makurra da. 2015eko lehen partean baino hiru bider lagun gehiago hil dira aurten; 45 denera.

Iparraldeko Afrikan, Afrikako Adarrean eta Ekialde Hurbilean ere datuak latzak dira.

AEBetara sarbidea, garesti

Ameriketako Estatu Batuetara iristeko asmoz hil direnak, berriz, ez dira aurreko urteetan adina izan, nahiz eta 200 lagun hil diren zeharkaldi horretan. Dena den, IOMk ohartarazi du asko izan daitezkeela erregistratu gabeko biktimak.

Horrez gain, Unicefek salatu duenez, konpainiarik gabeko gutxienez 26.000 adingabe atxilotu dituzte Mexiko eta AEBen artean. Egoera horretan iristen direnek migrazio epaitegi batean aurkeztu behar izaten dute, baina ofiziozko abokatu bat izatea galarazten zaie. Gurasoekin bidaiatzen dutenak, berriz, deportatu edo denbora luzez atxilo izaten dituzte. Unicefek, era berean, dei egin die agintariei adingabeak atxilotzeari utzi eta haurren osasun baldintzak berma ditzaten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)