BILBOKO ASTE NAGUSIA

Kale saltzaileek gaur egun duten egoera salatu dute

Berria, Iñigo Astiz, 23-08-2016

Kalea guztiona da: bizirautea ez da delitu. Manteroak ere jaixetan! Lelo hori hautatu dute Mbolo Mooye Dooley eta SOS Arrazakeria elkarteek kalean diskoak saltzen aritzen direnek gaur egun duten jazarpena salatzeko. Udalari egin diote kritika: «Bilboko Udalak Aste Nagusirako diseinatu duen polizia operatiboaren atzean saltzaile ibiltariak kriminalizatu eta erreprimitzeko helburua dago». Telefono bat ere jarri dute, gainera, herritarrek ikusten dituzten saltzaileen aurkako erasoak salatu ahal ditzaten: 688-62 99 96. Egun osoz egongo da martxan.

Areatzako txosnetan egin dute kanpainaren aurkezpena, iaz istiluak izan baitziren bertan. Bilboko udaltzain batzuek zenbait saltzaileri mantak kendu eta salgaiak zapaldu zizkieten joan den urteko festetan, SOS Arrazakeria eta Mbolo Mooye Dooley elkarteek jakinarazi dutenez. Herritar talde bat saltzaileen defentsan atera zen orduan, eta zenbait lagun identifikatu zituen Poliziak. Elkarteek azaldu dutenez, haietako bat epaitegira joan beharko du orain. «Poliziaren jokaera publikoki salatu eta bere elkartasuna adierazteagatik zigortuta».

Egoera hori azaltzen duen flashmob bat ere egin dute saltzaileen aldeko kanpaina hedatzeko. Babesa azaldu diote egitasmoari Bilboko Konpartsek eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak.

«Latza» da saltzaileen egoera, SOS Arrazakeria eta Mbolo Mooye Dooley elkarteek azaldu dutenez. «Borobil zoro eta maltzurra da sistemak eskaintzen diena: lan kontraturik gabe, ezin tramitatu gizarte errotzea; eta erregularizatzerik gabe, ezin lortu lan kontraturik». Eta zirkulu horretan harrapaturik, prekaritatean aritzea da maiz geratzen zaien irtenbide bakarra. Horregatik aritzen dira kale salmentan. Bizirik irautea delako haien helburua. Baina, elkarteek azaldu dutenez, inori kalterik egin ez arren, «kriminalizatze bidegabea» jasaten dute. «Ezin dugu onartu gure auzokideak diren lagun hauek mehatxupean eta beldurtuta bizi behar izatea Poliziaren jazarpenagatik».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)