ELKARBIZITZA. ANDRE MUSULMANEN JANTZIEN GALARAZPENA
Burkiniaren debekuak bustita
Frantziako estatuan hamalau udalerrik gorputz osoko bainujantzia debekatu dute. «Higiene arauak, ohitura ona, eta laikotasun printzipioa» urratzen dituela argudiatu dute
Berria, , 20-08-2016Frantziako zenbait udalerritan burkini deitua debekatzeak hautsak harrotu ditu, egun gutxian. Uztailaren 28an Cannesko Udalak debekatu zuen: aurpegia, oinak eta eskuak agerian uzten dituen gorputz osoko jantzia da, bainujantzi ehunarekin egina, eta emakumezko islamiar batzuk erabiltzen dutena, nagusiki. Ordutik, debekua beste udalerri batzuetara zabaldu da, betiere epe batekin: abuztuaren 31ra arte egongo da indarrean. Edonola ere, eztabaidak Frantziako mugak ere gainditu ditu.
Frantziako Kosta Urdina da debekuaren muina, une honetan. Hain zuzen ere, gorputz osoko bainujantzia debekatu duten hamalau udalerrietatik hamar bertan daude: Cannes, Villeneuve Loubet, Mandieleu, Saint Jean Cap Ferrat, Beaulieu sur Mer, Eze, Villefranche Sue Mer, Cap d’Ail, Niza eta Saint Laurent du Var; azken bi horiek atzo bertan gehitu ziren zerrendara. Horiez gain, beste lau udalerrik erabaki dute gorputz osoko bainujantzia ez onartzea: Sisco (Korsika); Le Touquet eta Oye Plage, Frantzia iparraldean; eta Leucaten, Ipar Katalunia ondoan. Touqueten kasuan, agintariek onartu dute ez dutela kusi gorputz osoko bainujantzirik haien hondartzetan, baina, hala ere, debekatu dute.
Nice Matin hedabideak jakinarazitakoaren arabera, herrialde horietako debekuaren xedea hau da: ezin dute bainua hartu jantzi «egokia» ez dutenek. Erabaki hori hiru ardatzen arabera zehaztu dute: «higiene arauak», «ohitura onak», eta «laikotasun printzipioa». Orain arte jarritako isunen berri ez badago ere, Cannesen lau emakumezko zigortu zituzten lehen egunetan: 38 euro ordaindu behar izan zuen bakoitzak. Halaber, «estaliegi» bainatzen ari ziren sei emakumeri kargu hartu zien udaltzaingoak, aipatu hedabidearen arabera.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak babesa eskaini die debekua ezarri duten herriko etxeei. «Jantzi hori ez dator bat Frantziaren balioekin; ez da moda baten fruitua, emakumezkoen menderatzean oinarritutako proiektu politiko batena baizik». Edonola ere, baztertu du horri buruzko legerik egitea, eta gogora ekarri du Frantzian bi kaleko jantzi debekatuta daudela: burka, emakumezkoa goitik behera estaltzen duena, begiak barne; eta nikab deitua, emakumearen begiak soilik agerian uzten dituena.
Zalaparta sortu, eta gobernuaren babesa lortu badu ere, jantzi horren erabileraren debekuaren legezkotasuna argitzeko dago. Frantziako Islamofobiaren Aurkako Kolektiboak aipatu udalen erabakia Estatu Kontseilura eraman du, Konstituzioaren aurkakoa dela argudiatuta. Frantziako administrazio jurisdikzioaren azken instantziari dagokio orain erabakitzea, baina ez du data zehatzik hori egiteko. Marwan Muhammad, Frantziako Islamofobiaren Aurkako Kolektiboko zuzendaria, kezkatuta agertu du: erabakia beranduegi ez ote den helduko. Hain zuzen ere, udalerrietan ezarritako debekuek denbora muga bat dute. Marwan Muhammadek debekua herritarren askatasunen «murrizketa»bat dela hausnartu du, eta, bereziki, emakume musulmanen diskriminazioa eragiten duela. Edonola ere, gaineratu du ez dela ezustekoa izan Frantziako Gobernuaren jarrera. Alde horretatik, Manuel Valls lehen ministroari «beldurraren politika» elikatzea egotzi dio. «Ez du inolako eragozpenik komunitate zehatzen aurkako adierazpenik egiteko».
Belgikan, eztabaida prest
Charles Michel Belgikako lehen ministroaren alderdiak, Valoniako MR alderdi liberal frankofonokoak, gaia eztabaidatzeko asmoa agerian utzi du. La Libre Belgique egunkariak eman du asmo horren berri. MR alderdiaren arabera. burkinia «isolamendu identitarioaren eta anreen mendekotasunaren sinboloa» da. Gorputz osoko bainujantziari debekua ezartzea «guztiz beharrezkoa» da aipatu alderdiarentzat, eta gaineratu du «ulertuko lukeela» alkateren batek halako egitasmoren bat abiaraztea.
Italian ere eztabaida sustatu dute eskuin muturreko alderdiek. Ordea, Angelino Alfano Italiako Barne ministroak hori egitaren aurka agertu da, betiere segurtasunean oinarrituta. Jantzi hori debekatzeak atentatuak jasateko arriskua handitu dezakeela argudiatu zuen.
(Puede haber caducado)