Migratzaile atzerritarrak baztertzea egotzi die SOS Arrazakeriak Etxe agentziei

Elkarteak azterketa baten bidez egiaztatu du diskriminazioa. Jokabide horiek legearen aurkakoak direla nabarmendu dute elkarteko kideek

Berria, Jon Rejado, 19-08-2016

SOS Arrazakeriak salatu du etxe agentzia batzuetan migratzaile atzerritarrak diskriminatzen dituztela. Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriako idazkariak Ser irratian eman du horren berri. Pisua etxe agentziaren bidez alokatu nahi duten jabeek baldintzak zehaztea ohikoa dela azaldu du, atzerritarrei ez alokatzea barne. «Etxe bat agentzia baten bitartez eskaintzen den unetik ezin da eskaintza mugatu kolektibo zehatzetara», ohartarazi du. Areago, etxe agentziek ez lukete halako baldintzarik onartu beharko, Mazkiaranen arabera.

SOS Arrazakeria ondorio horietara heldu da Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako lau hiriburutan ikerlan bat eginda. Bi pertsonak, bata berton jaioa eta bestea atzerrian jaioa, agentzia beretara jo zuten, alokairuzko etxebizitza bila; biek ezaugarri ekonomiko berak zituzten, baita eskaera bera egin ere. Ordea, emaitza ezberdinak jaso zituzten. «Batzuetan pisu ezberdinak eskaini zizkieten, eta, beste batzuetan, jokabide iraingarria ere izan zuten hazpegi atzerritarrak zituen pertsonarekin, esertzeko aukerarik ere eman gabe».

CEARek ikerlanean parte hartu zuen, Gasteizen. Diskriminazio horrek eragiten dituen zailtasunak nabarmendu ditu, eta errefuxiatuen egoera jarri du mahai gainean, adibide gisara. Errefuxiatuen gizarteratzea hiru fasetan egituratuta dagoela oroitarazi du: diagnosia eta harrera, independentzia hartzea, eta bizitza autonomoa. Ordea, zailtasunak dituzte bigarren faseari ekiteko, alokairuko pisu bat lortzeko ezintasunaren ondorioz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)