LARRIALDI EGOERA FRANTZIAN

Erreserbei deitu diete

Guardia Nazionala sortuko duela baieztatu du François Hollande Frantziako presidenteak. Erreserbez osatuko da, eta boluntarioek parte har dezakete

Berria, / Ander Perez Zala, 16-08-2016

Jendarmeria, Polizia eta Armada ditu Frantziak. Azken asteotan, Sentinelle operazioaren ondorioz, 90 militar gehiago iritsi dira Lapurdiko kostaldera segurtasuna «are gehiago» bermatzera. Baina, nahikoa ez delakoan, François Hollande presidenteak joan den uztailaren 28an ofizialki jakinarazi zuen Guardia Nazionala berreskuratuko duela. Azken urte erdian jasandako atentatuen ondorioz hartzen duen hamaikagarren neurria da.

«Ez ditugu nahikoa baliabide lurralde nazional osoa, garraio publikoak eta gune publikoak babesteko eta zaintzeko. Herritarrak gehigarri bat izan behar dira segurtasunean: entrenatuak eta behar bezala hornituak», adierazi du UDI Demokrata eta Independenteen Batasuna alderdiko presidente Jean-Christophe Lagardek. Harekin batera, MoDem alderdiko presidente François Bayrouk eta PRG Ezkerreko Alderdi Erradikaleko presidente Jean-Michel Bayletek lehen aldiz proposatu zioten Hollanderi guardia sortzeko aukera. Helburua da herritarrek «segurtasun nazionalean» ere parte har dezaten, dagoeneko dauden indarrei babesa emanda. 1789ko uztailaren 14an sortu zen lehen aldiz guardia, Frantziako Iraultzan; herritar «formatuek» osatzen zuten. Erregearen armada Paristik bota ostean, segurtasuna eta zaintza bermatzeko eratu zen. Parisko Komunarekin bat egin zuen 1871n, baina haren porrotarekin batera desegin zen.

Orain, «ahalik eta azkarren» osatu nahi du Hollandek erakunde berria. Irailean aztertuko du guardia sortzeko beharra parlamentuko batzordeekin, urrirako prest egon dadin. Frantziako Barne ministro Bernard Cazeneuvek, berriz, Guardia Nazionalaren eraketaren berri eman du. Bi mailako erreserbaz baliatuko da haren taldea osatzeko. Lehen mailan ariko dira zibil boluntarioak; Jendarmeria eta Poliziako erreserbak dira, 15.000 orotara, Frantziako Gobernuaren datuen arabera. Bigarren maila, berriz, jendarme izan diren erretiratuek osatuko dute; horiek ere mobilizatu ditzake Barne Ministerioak, baina soilik erretiroan urtebete eta bost urte artean daramatenak. Hau da, 10.000 jendarme ohi. Bi mailak batuz, 35.000 erreserba ditu guztira Barne Ministerioak. 2019rako 44.000 izatea nahi du Cazeneuvek. Bestalde, Defentsa Ministerioak ere baditu erreserbak. Armadan 28.000 daude guztira, eta espero dute 2019an kopurua 40.000ra areagotzea. Alegia, urte hartarako 84.000 erreserba izatea da gobernuaren helburua.

Ezin du edonork erreserba izateko izena eman. Baldintzak dira, besteak beste, boluntarioa izatea, frantziar nazionalitatea edukitzea, beharrezko gaitasunak izatea —bai burukoak bai fisikoak—, eta 18 eta 65 urte artean edukitzea —Jendarmerian sartzeko muga 40 urtekoa da—. Hamar eguneko prestakuntza jasoko dute. Boluntarioen zerbitzuak bat eta bost urte arteko iraupena izango du, epea bukatzean berritu daitekeena. Segurtasun indarren misio berak egingo dituzte, eta atzerrikoetan parte hartzeko aukera ere izango dute militar erreserbek.

Guardia Nazionala sortzearen aldeko alderdiak areagotzen ari dira Frantzian. Aurrez aipatutako UDI, MoDem eta PRGez gain, FN Fronte Nazionala guardia sortzearen alde agertu da. Asanblada Nazionalean alderdiko diputatu Marion Marechal-Le Penek adierazi du bere burua aurkeztuko duela erreserban sartzeko. Gainera, PS Alderdi Sozialistak jakinarazi du taldearen osaketa 2017ko presidentetzarako hauteskunde programa politikoan aurkeztuko duela.

«Ez du ezer aldatuko»

Kritikak ere izan ditu Hollanderen azken proposamenak. Defentsa ministro ohi Herve Morinen ustetan, Guardia Nazionala existitu arren, «ez zuen lortuko Nizako atentatua saihestea». «Ez du ezer aldatuko», gaineratu du. Auzi militarretan aditua den Jean-Dominique Merchetek azaldu du komunikazio politiko «trebea» duela Hollandek, «jada existitzen den gauza bat [erreserbak] berritasun gisa saldu nahi digulako [Guardia Nazionala]». Kritikatu du izena aldatu izanak helarazten duen mezua dela Hollandek «zerbait egin» duela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)