ERREFUXIATUAK. KARABANA GREZIARA
Mugak irekitzeko giltzak biratzera
Karabana Greziara egitasmoan «giza elkartasuna» izan da nagusi. Berretsi dute errefuxiatuak «harrapatuta» daudela, eta borondate politikoa dela egoera aldatzeko gakoa
Berria, , 12-08-2016Egunerokoan borrokan jarraitzeko indarrak eman dizkigu bidaiak; errefuxiatuen alde lanean jarraitzeko gogo handiarekin itzuli gara». Karabana Greziara: Mugak Zabalduz egitasmoan parte hartu duten bost kideren hitzak dira. Greziatik bueltan, zuzenean kontatu diote BERRIAri bidaian bizitakoa. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatu zuen, migrazio eta asilo politika «kriminalak» salatzeko. «Uztailaren 15ean abiatu ginenetik, hamar egunek oroitzeko moduko momentuak izan dituzte: une bakoitza berezia zen», oroitu du Evelyn Morales Sanchezek (Cayambe, Ekuador, 1988). Hamahiru urte daramatza Euskal Herriko feminismoaren eta gizarte mugimenduen inguruan; Ecuador Etxea elkartearekin bidaiaren jarraipena egin du, dokumentazio eta argazkigintzaren arloan. «Autobusean ordu asko egin genituen, baina energia ematen ziguten; argazkiei begiratu besterik ez dago, irribarreak edonon».
6.000 kilometro egin zituzten 123 euskal herritarrek askotariko soslaiak zituzten: mugimendu feministan, sindikatuetan, arrazakeriaren aurkako taldeetan eta bestelakoetan aritzen diren kideak bildu ziren; adin guztietakoak, gainera. Ana Elena Altuna Larrañaga (Bergara, Gipuzkoa, 1957), esaterako, Aixa El-sbani alabari (Bilbo, 1996) esker animatu zen bidaiara. Altunarentzat «sekulakoa» izan da Karabanan elkarrekin joatea. Ondo dakite zein «gaiztoak» diren atzerritartasun politikak: familia marokoarra dute, eta ezin zaizkie Euskal Herrira bisitan etorri.
Karabanako giroa «oso berezia eta baikorra» izan da, eta aurrera jarraitzeko indarrak eman dizkie. «Gogotsu» ibilita gainditu dute nekea. Carolina Gomez Etxegoieni ere (Leioa, Bizkaia, 1998) «oso eramangarria» egin zaio autobusean igarotako denbora, errefuxiatuen inguruko hitzaldi, batzar eta film didaktiko eta argigarriak izan dituztelako. Autobusa bera «babeslekua» zen Anabel Sanz del Pozo (Ermua, Bizkaia, 1963) Feministaldeko kidearentzat. Nabarmendu du karabanan etengabe hartu dutela aintzat elkar, harremanek «gizatasun handia» izan dutela, eta kide guztiek arreta jarri dutela elkarren zaintzan. Uste dute oso karabana feminista izan dela; antolakuntzan ere lan handia egin baitute mugimenduko kideek.
Egitasmoaren antolaketaren muinean egon da hasieratik Sanz; aitortu du inor animatuko ez zen beldur zirela. Beraz, oso berezia egin zaio bidaia prestatzeko batzarretara gero eta jende gehiago biltzen ikustea. Haietako batean, zera esan zion 70 urteko pertsona batek: «Egoera hau ezin dut jasan, zerbait egin behar dut: karabanan noa». Gazteenak 15 urte zituen; Sanzek uste du «zorte handia» dela halako esperientzia bizitzea. «Politika kriminalak salatzeak mugitu gaitu, eta gizaki gisa zerbait egin beharrak ere bai. Indarberrituta gatoz».
Ibilbidean egindako ekintzetan eta Tesalonika (Grezia) hirian antolatutako No Borders kanpaldian «sentimendu bera» aurkitu zuten: «Gizatasun eta elkartasunez betea». Kanpaldiko giroari, antolakuntzari eta nazioarteko elkartasunari garrantzia eman dio El banik. Sanz harago doa: «Karabanak gizadian konfiantza itzuli dit; egoera lazgarria da, baina laguntzeko prest dauden herritar asko topatu ditugu, eta agintari batzuk ere bai». Esaterako, Iruñean eta Bartzelonan, beren-beregi joan zitzaizkien Joseba Asiron eta Ada Colau alkateak. Atenasko Nea Filadelfia barrutian ere, harrera beroa egin zieten LAE alderdikoek. Karabanan joan ez diren askoren babesa ere jaso dute bidean. Hain zuzen, harremanak egin eta estutzea zen Greziara autobusez joateko arrazoietako bat.
Errefuxiatuekin harremana
Arduradun politikoekin ez ezik, errefuxiatuekin ere elkartzeko aprobetxatu dute karabanako kideek. Oro har, hiru modutan aurkitu dituzte: beste bizileku bat topatu bitarteko zentroetan, atxilotze zentroetan eta gobernuaren kontroletik kanpo. Greziako Gobernuak kontrolatu gabe dituen migratzaileekin izan dute harreman estuena. Beren kasa antolatutako kanpalekuetan, greziarren etxeetan eta herri mugimenduekin autogestionatutako guneetan bizi dira. «Baina ez dakigu haien etorkizuna zein izango den». Greziar herriaren elkartasuna «itzela» dela iruditu zaie; Troikaren politikek «itota» egon arren, etxeko ateak irekitzen dituztelako eta laguntzeko antolatzen eta guneak eratzen ari direlako. Atenasko Hotel City Plaza okupatua zinez gustatu zitzaion Gomezi: «400 errefuxiatu bizi dira han, demokratikoki, aktiboki parte hartuz; haien helburua pertsonek bizirik irauteko gaitasun eta baliabideak lortzea da».
Askoz gehiago dira beste bizitoki bat aurkitu bitarteko zentroetan daudenak. Greziako Gobernuak 48ren ardura du egun, eta 54.000 errefuxiatutik gora daude bertan. Karabanako kideak haietako batzuetan egon dira; taldeko mediku, erizain eta abokatuei eman diete lehentasuna. Zentroetan osasun eta hezkuntza publikoa bermatuak dituzte «teorian», baina gutxitan betetzen dira. «Noizbehinka medikuak joaten zaizkie, eta nazioarteko erakundeen jana dute; sarri, egoera txarrean. Zentroak hiriguneetatik urrun daude, eta ez dute garraiobiderik. Bakartuta daude». Karabanakoen diagnostikoa argia da: «Ez aurrera eta ez atzera daude; arazo larriena da ezin dutela ezer egin, kozinatu ere ez».
Atxilotze zentroetan daudenak okerrago daude. Paranesti eta Xanthikoetara joan ziren karabanakoak, hango egoera salatzeko. Paranestiko atxilotze zentroa gizonentzat da bakarrik; hango pakistandar baten lekukotzaren berri eman du Moralesek: «Libre izan eta Bartzelonan duen semearekin elkartu, horixe besterik ez du nahi; baina sei hilabete daramatza han itxita, oso egoera txarrean daude, asko gaixorik eta janari hondatuarekin». Europara heltzeagatik preso hartzea «lotsagarria» dela deritzote denek. «Kartzeletan bezala daude. Eta ez dute ezer egin: bizirik irauteko ihes egin, besterik ez».
Sanzek gogoratu du askok jarraitzen dutela ihesean gerratik, gobernuen errepresiotik, enpresa transnazionalen «bidegabekerietatik» eta «gurearen moduko» gobernu kapitalisten politiketatik. «Gehienek gerra amaitzea eta etxera itzuli ahal izatea nahi dute. Baina mugak ez dira denentzat berdinak».
Errefuxiatu gehienak dokumentuen eta bisen zain daude, «harrapatuta». Gobernuen politikak dira egoera aldatzeko giltza. Baina Espainiak Grezian duen enbaxadaren aurrean protestan zeudela kontsulak «harro-harro» aitortu zien bezala, Espainia ez da bere ardura betetzen ari. Horregatik, migrazio politikak eta erakunde publikoen jarrera aldatu nahi dituzte. «Agintarien erabakiak ezbaian jartzeko gai garela pentsatu behar dugu; ahal duguna egingo dugu gure izenean horrela jarrai ez dezaten, hau jasanezina baita», dio Sanzek.
Presiorako, protestak egin dituzte. Jendetsuena No Border jardunaldiko Migrants Pride manifestazioa izan zen. Errefuxiatuak izan ziren protagonista. Altunarentzat «handia» izan zen hain ezberdina zen hainbeste jende biltzea egoera salatzeko: «Euren eskubideak aldarrikatzera zihoazen; azken batean, hau duintasun eta eskubide politikoen kontua da. Ez dira txiroak eta menpekoak; behar bagaituzte, gure legeak aldatzeko behar gaituzte batez ere, eta gerrarik ez sustatzeko». Manifestazioan egindako performancea goraipatu du Moralesek, emakume eta neska migratzaileek jasandako sexu indarkeriak salatu baitzituzten.
Mobilizazioan, Idomenin elkar ezagutu eta ondoren bereizita egon diren bost gazte siriarrek berriro elkartzeko aukera izan zuten. Haiekin egon ziren El bani eta Gomez. Ezagutu duten siriarretako batek Zuzenbide ikasketak bukatu gabe utzita ihes egin du. «Etorkizuna kolokan du, han gerra bidegabea, eta hemen mugak itxita», azaldu Gomezek. Elbanik gaineratu duenez, errefuxiatuek diote Siriako bizi maila Europakoa baino hobea zela, baina orain ez dutela inolako segurtasunik. Gazteetako bat, adibidez, Turkiara joatekoa zen, itxaronaldia beste urtebetez luzatu ziotelako, eta Grezian diru sarrerarik eta baliabiderik ez zuelako. Beste batek bazuen pasaportea, baina anaiari lapurtua zioten, eta dokumentuen zain egon beharra zuen. Gurasoak Sirian eta anaia Alemanian dituen beste gazte batekin ere egon ziren. «Ohikoa da errefuxiatuek traumak eta frustrazioa izatea; familiak sakabanatuta daude, eta gutxi dago haien esku», esan du Gomezek. Sare sozialen bidez, iheslari batzuekin harremanetan daude, eta bistakoa da egoera nahasia dela, El banirentzat. «Terrorista zela uste al nuen galdetu zidan 20 urteko siriar batek; niretzat, egoeraren erantzuleak dira gaizkileak».
«Duintasun osoz»
Errefuxiatuen jarrerak harritu zuen Altuna. Ez daude gustura egungo baldintzetan, eta, batzuetan, eztanda egiten dute: protestak edo gose grebak egiten dituzte. «Baina beste edozeinen pare jokatzen dute, duintasun osoz; ez dabiltza limosna eskean, ez dute nahi Europak haien bizitza konpontzea. Gura duten tokira libreki igaro nahi dute, haien familia eta lagunengana». Moralesek ez du ahaztuko zazpi urteko bi umerekin bizitako pasartea. Haurrek indartsuak zirela zioten etengabe: «Gogor izaten irakasten die Europak, erresistentzian bizitzera behartu: hori nahi dugu?».
Arazoa oso gertu dagoela eta ezer ez egiteak ondorioak dituela diote. Ezinbestekoa da iraganean gertatua eta orain beste toki batzuetan gertatzen ari dena gogora ekartzea, Moralesen esanetan: «Ez gaude kalte handiak bizitzetik libre, eta, nazioarteko elkartasun mekanismoak martxan jartzeko, funtsezkoak dira memoria kolektiboa eta enpatia». Komunikabideek ez dute horretan laguntzen, baina argi dute herritar aktibo eta antolatuak aurretik dabiltzala, eta badakite beste bizi eta harreman eredu batzuek ere funtzionatzen dutela. Finean, arazoa konpontzeko, borondate politikoa soilik behar dela uste dute denek. «Guk badugula erakutsi dugu, eta horretan jarraituko dugu. Orain da ekintzarako garaia».
(Puede haber caducado)