Errefuxiatuekiko elkartasunaren txupinazoa
Hassanna Aalia sahararrak eta Kateryna Kirsanova ukrainarrak bota zuten Aste Nagusi Pirata piztu zuen suziria
Diario Vasco, , 14-08-2016Pixka bat kostatu zitzaien Donostiako Piratei eta haiek proposatzen duten jai eredua egitarau ofizialak islatzen duena baino gogokoago dutenei hurrengo egunetan piraten festagune nagusia izago den La Flamencara ailegatzea, ez baitzen erraza hitzordu desberdinez gainezka zegoen hirian mugitzea. Edonola ere, jendetza bildu zen Donostiako Piraten txupinazora.
Han ziren, noski, protagonista nagusiak: txupinazoa bota zuten bi errefuxiatuak. Dotore – dotore jantzita, alkandora zuriz eta galtza/gona ilunez, txapela eta zapi beltza ahaztu gabe, Hassanna Aalia eta Kateryna Kirsanova arduratu ziren azala ez ezik mamia ere baduen festa pizteaz. Aurrena, kofradiak joan ziren Ezkila kapitainaren eta Mattiren bila. Ezkila gozpuztea Aingura kofradiari egokitu zaio aurten. Matti, berriz, bikoitza da aurten, Hassannak eta Katerynak partekatu baitute urtero ideia eta balore bat ordezkatzen duen pertsonaia.
Katherina ukraniarra da, 29 urte ditu eta Donetsk hirikoa da. Orain dela urte eta erdi etorri zen Euskal Herrira, gerratik ihesi, laster bere hirira itzuliko zelakoan. Oraindik hemen jarraitzen du, bere jatorrizko hiriko egoera ez baita hobetu. Hassanna Mendebaldeko Saharakoa da, Marokok okupatutako lurretakoa. 28 urte ditu eta 2011tik dago Euskal Herrian. Marokoko epaitegi militar batek bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion protesta baketsu batean parte hartzeagatik.
Aurten, lelotzat ‘Gora kai herrikoiak!’ hartu duten Piratek hedabideetako kronika lazgarrienetan biltzen den errealitate bat txertatu nahi izan dute festan, jaia ez delakoan ez ikusiaren parentesia. Errefuxiatuekiko elkartasuna islatu nahi izan du Mattik 2016an, «etxea, lagunak, betiko bizimodua atzean uztera behartuta» dauden horiekiko elkartasuna, alegia.
Atzo hasi eta abuztuaren 21era arte, ehunka jarduerak osatuko dute Aste Nagusi Piratak, betiere hasieratik aldarrikatu duten jai ereduari jarraiki. Gune nagusia kaikoa bada ere, kofradiak ugaldu ahala egitaraua ere zabaldu egin da, eta neurri berean hedatu da jaia Piratek biak abordatuko duten hirian barrena.
(Puede haber caducado)