Saharako ipuin bat

Diario de Noticias, Josu Jimenez Maia Idazlea, 13-08-2016

Saharako errefuxiatu kanpamentuetan ipuin bat kontatu zidaten. Ipuineko protagonista neska saharar bat da, errefuxiatuen kanpamentuetako baten bizi dena. Neska oso triste dago aitona hil zaiolako. Neskatoa negar eta negar ari da, baita beste senideak ere, negar malkotan denak, aitona hiltzeak sortutako saminaren adierazgarri. Neskatikoak, – eta senideak, eta auzokideak eta Wilayako guztiek – negar eta negar egin zuten… erreka bat sortu zuten arte. Erreka oro itsasora doala jakinda, malkoen errekari segitzea erabaki zuten denek. Errekak Marokok eraikitako harresia ere gainditu egin zuen, Atlantikorako bidean. Itsasoraino heldu zen erreka; bai itsasoraino heldu zen erreka, eta hara heldu ziren neska sahararra ere senide eta lagun guztiekin, hainbestetan amets egindako Mendebaldeko Saharara. Oporraldia Bakean programari esker gure etxean uda ematen duen Galia neskato sahararrak azken uda du gurean, eta, zalantzarik gabe, bost urteotan berak guri askoz gehiago eman digu guk berari baino. Orain, gutxi batzuk baino ez zaizkie gelditzen ume sahararrei eta laster itzuliko dira errefuxiatu kanpamentuetara, senideengana, eta gure neskatilak hamairu urte baizik ez dituen arren, oso garbi du kontu bat: gerra badago, bera ere joanen dela borrokatzera. Eta hori entzutean neskato baten hitz xaloekin esanda, arranguraz beteta uzten nau. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente berriak, Brahim Ghalik, asmatuko ahal du itsasorako bidea urratzen armak berriz hartu beharrik gabe.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)