Juncker: «EBren eta Turkiaren akordioa arrisku larrian dago»

Europako Batzordeko presidentearen ustez, estatu kolpearen ondoren Ankarak eta Bruselak izandako ika-mikek kolokan utzi dute errefuxiatuak geldiarazteko hitzarmena

Berria, , 06-08-2016

«Arriskua handia da. Akordioak arrakasta izateko aukera ahula da». Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea argi mintzatu zaio Austriako Kurier egunkariari. Turkiako estatu kolpeaz geroztik, herrialde horretako eta EB Europako Batasuneko agintarien arteko harremanak okerrera egin du, jendaurreko adierazpenei erreparatuta bederen, eta EBko agintariek uste dute hautsi egin litekeela Ankararekin errefuxiatuen inguruan martxoan egindako akordioa. «Hori gertatuz gero, migratzaileak berriz ere Europara etortzen hasiko direla espero dezakegu». Izan ere, hori da EBko agintarien kezka nagusia, Turkiak errefuxiatuen irteera oztopatu baitu diruaren eta zenbait promesa politikoren truke. Greziak Bruselari eskatu dio «B plana» prestatzeko, eta Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroak adierazi du saiatuko dela Turkiarekin harremana hobetzen, «elkarrizketa ez izateko soilik bozgorailuekin, mikrofonoekin eta kamerekin».

Martxoan sinatutako akordioan, EBk hitzeman zion Turkiari bisen liberalizazioa ezarri eta batasunean sartzeko negoziazioak bizkortuko zituela. Orain arte, ordea, ez du hori bete, eta, uztailaren 15eko estatu-kolpe saiakeraz geroztik, are trabatuago gelditu da auzia, EBko agintari anitzek zalantzak agertu baitituzte Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak estatu egituretan —eta baita horietatik kanpo ere— hasitako garbiketa prozesuekin —15.000 lagun baino gehiago atxilotu dituzte, eta dozenaka mila kargugabetu—. Gainera, Erdoganek adierazi zuenean heriotza zigorra berrezartzea aztertuko zutela, EBk ohartarazi zion hori eginez gero Turkiak ezinen lukeela batasuneko kide izan.

Austriarekin liskarra

«Erdoganek hainbatetan ulertarazi du pikutara bota nahi duela akordioa», erran dio Junckerrek Kurier-i. Azkenekoz, joan den asteartean: «Turkiako demokraziaz, haren herriaz, haren etorkizunaz kezkatuta egon ez baina kolpisten patuaz arduratzen diren herrialdeetako liderrak ezin dira gure lagunak izan». Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroak urrira arteko epea eman dio EBri bisen liberalizazioa gauzatzeko. Frankfurter Allgemeine Zeitung Alemaniako egunkariak herenegun argitaratutako elkarrizketa batean, errefuxiatuen inguruko akordioa bertan behera uzteko mehatxua egin zuen Çavusogluk.

Eta, azken egunotan, Turkiaren eta Austriaren artean sortu da liskar diplomatiko bat, Christian Kern Austriako kantzilerrak iradoki baitu Turkia EBko kide izateko negoziazioak bukatu beharko liratekeela. «Turkiako eredu demokratikoak EBko kide izatea justifikatzetik urruti daude». Çavusogluk atzo erantzun zion. «Bere herrialdea begiratu beharko luke. Gaur egun, giza eskubideen eta balioen etsai nagusietako bat arrazakeria da, eta Austria da arrazakeriaren hiriburua». Sebastian Kurz Austriako Atzerri ministroak «hizkera» zaintzeko gomendatu dio Çavusogluri, eta «etxeko lanak» egiteko.

Liskar horren erdian, errefuxiatuak trukerako txanpon gisa tratatu dituzte bi aldeek, eta, ezinikusia handitu bada ere, oraingoz ez dira ondorioak nabaritu. Izan ere, Iannis Muzalas Greziako Immigrazio ministroak adierazi du Turkiatik ailegatutako errefuxiatu kopurua ez dela handitu. Gainera, Ankarari ordainketa egiten jarraitu du EBk: joan den hil bukaerarako bertze 1.400 milioi euro zizkion ordaintzekoak

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)