Errefuxiatuek botako dute Aste Nagusi Piratako txupinazoa

Katherina ukrainarrak eta Hassanna sahararrak jaurtiko dute suziria abuztuaren 13an Flamenkan 18:30ean

Diario Vasco, El Diario Vasco, 05-08-2016

Donostiako Piraten Aste Nagusiko ekitaldi eta jarduera denek dute festaz haragoko esanahia. Aste Nagusi Pirata irekitzen duen txupinazoa, esaterako, «balore bat oinarri hartuta lan egiten duten eragileek», eta aurten erabaki dute «errefuxiatuen gaia» ikusaraztea. Hori dela eta, Katherina, Euskal Herrian urte eta erdi daraman ukraniarra, eta Hassanna Aalia, Marokok bizi osorako kartzelaratu nahi duen gazte sahararra, hautatu dituzte abuztuaren 13an Flamenkan 18:30ean txupinazioa botatzeko.

Ondoren, diote Piratek ohar bate bidez, «egitarauan presentzia izango dute Matti pertsonaiaren bidez: 2012an Martuteneko auzo elkartea izan zen, 2013an Etxe kaleratzeak Stop! kolektiboa, 2014an Abortoaren aldeko mugimendua eta pasa den urtean Irutxuloko Hitza, euskararen alde egindako lan itzelagatik».

«Errefuxiatuen drama mahai gainean jartzeko beharrak» bultzatu du Piraten erabakia. Azaldu dutenez, «elkartasuna funtsezko balorea da Piratontzat, eta hala izanik, ezin genion bizkar eman azken aldian hainbeste hildako eragiten ari den dramari. Europar Batasuneko agintari politikoak modu lotsagarrian jokatzen ari direla uste dugu, eta gudatik eta pobreziatik ihesean ari denari ezin zaiola hesirik jarri. Are gehiago, beren herrialdeak hankaz gora jarri dituztenak Mendebaldeko potentziak direnean». Era berean, eskainitako laguntza eskertu diete SOS Arrazakeriako kideei «gai honetan bidelagun izan ditugulako eta Aste Nagusian gaia mahai gainean jartzen lagunduko digutelako».

Piraten Aste Nagusia abiaraziko duen ekitaldiko protagonistei dagokienez, Katherina ukraniarra da, 29 urte ditu eta Donetsk hirikoa da. Orain dela urte eta erdi etorri zen Euskal Herrira, gerratik ihesi. Udako jantziak zituen maleta bat soilik hartuta etorri zen, laster bere hirira itzuliko zelakoan. Baina denbora pasa da, eta oraindik hemen jarraitzen du, bere jatorrizko hiriko egoera ez baita hobetu. Hassanna Mendebaldeko Saharakoa da, Marokok okupatutako lurretakoa. 28 urte ditu eta 2011tik dago Euskal Herrian. Marokoko epaitegi militar batek bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion protesta baketsu batean parte hartzeagatik.

Aste Nagusi Piratan zehar momentu askotan ikusi ahal izango dira Ezkila Kapitaina eta Matti kaian eta Donostian zehar. Esan bezala, eurak izango dira jaiei hasiera emateko txupinazoa botatzeko arduradunak eta, horretaz gain, urtero bezala Abordatzean, Abordatze txikian eta Ospitalera egiten den bisitan ere izango dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)