Iparraldeko meskitek ez dute jasoko finantzaketa publikorik

Valls lehen ministroak aukera ireki arren, Hollande presidenteak debekua ezarri du. Meskiten diru sarrerak «gardenak» izatea bermatu nahi dute

Berria, , 04-08-2016

par Euskal Herriko meskitek ez dute jasoko diru laguntza publikorik. Frantziako lehen ministro Manuel Vallsek musulmanen otoitz lekuek finantzaketa publikoa jasotzeko aukera zabaldu zuen, baina, egun batzuetako eztabaidaren ondoren, François Hollande presidenteak atea itxi dio egokierari. Eztabaida hura muturreko islamismoaren aurkako borrokaren agendan kokatu dute herrialdeko agintariek. Hollandek uste du «1905eko legearen aurka» doala neurria; estatuaren eta erlijioaren arteko banaketa gauzatu zuten lege haren bidez.

Frantziako meskita batzuek atzerritik jasotzen dute dirua, besteak beste, Saudi Arabiatik. Hedabideetan eztabaida handia ageri da egunotan gai horren inguruan, uste delako meskitetara eta bestelako otoitz lekuetara biltzen direnen erradikalizazioa ekar dezakeela atzerriko eraginak. Egoera horren jakitun, gobernuak eta CFCM Kultu Musulmanaren Kontseilu Frantsesak kolaborazio bide berriak bilatu nahi dituzte Frantzian bertan, otoitz tokiek kanpoko funtsetara jotzeko beharra izan ez dezaten.

Horretarako, Islamarentzako Fundazioa berpiztu nahi dutela adierazi du kontseiluko bozeramaile Anouar Kbibechek. 2005ean sortu zen arren, ez du egiazki funtzionatu. Harekin batzartu ostean, Barne ministro Bernard Cazeneuvek adierazi du «posible bada, urri aldera» martxan jarriko dela fundazioa. Helburua da meskiten finantzaketa «guztiz gardena» izatea bermatzea, betiere «laikotasunaren printzipioak errespetatuz». Kbibechek gogorarazi du Frantziako «ia musulman guztiek» dutela lotura islam «ireki, lasai eta jasanberarekin».

Hogei bat meskita itxita

2015eko abenduaz geroztik, estatu osoan hogei bat meskita itxi dituztela gogorarazi du Cazeneuvek, «erradikalak» zirelakoan. Gaineratu du «muturreko» ideiak zabaltzen dituzten hainbat predikari ere kanporatu dituztela.

Frantzian 2.500 meskita inguru daude; Cazeneuveren arabera, horietatik 120k zabaltzen dute ideologia salafista. Bitartean, CFCM Frantziako imanak trebatzen ari da, «herrialdearen historia eta haren erakundeak hobeto ezagut» ditzaten. Joan den igandean, dozenaka musulmanek parte hartu zuten hildako apaizaren oroimenez egin zen meza katolikoan, Saint-Etienne-du-Rouvray herrian.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)