Mundua

Heriotza, irteera portuan

Hamar eguneko epean, 120 gorpu agertu dira Sabratha hiriko kostan. IOMek berretsi du errefuxiatuak direla hilak, baina inork ez du izan haien hondoratzearen berririk. Aurten, gutxienez 4.000 dira itsasoan hildakoak.

Berria, , 03-08-2016

Libiaren mendebaldeko muturreko Sabratha hiriko kontseiluak jakinarazi zuen iragan igandean. Hamar eguneko epean, 120 gorpu agertu ziren hiriko kostan. Itsasoan ito ondoren, ur korronteek lehorrerantz eramandako errefuxiatuen gorpuak ziren. «Sabrathako kosta guztia irekita dago. Patruilak badaude, baina ez dute gaitasunik krisi honi aurre egiteko», adierazi zion Reuters agentziari Hussein Thwadi Sabrathako kontseiluko buruak. «Legez kanpoko migrazioa lehen ere bazegoen, baina segurtasun gabeziak eta estatuaren aginte gabeziak eragin du egoera gero eta okerragoa izatea».

Joel Millman IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeko bozeramaileak atzo berretsi zuen Sabrathako agintariek emandako informazioa. Millmanen arabera, 120 errefuxiatu horiek hil direneko hondoratzeen berririk ez zuten izan gertatu zirenean. Thwadik jakinarazi duenez, 53 egun bakarrean topatu zituzten kostan. Sabrathako alkatearen arabera, hildako gehienak Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak ziren, eta 23 Tunisiako herritar gisa identifikatu dituzte.

Gero eta hildako gehiago

Gerretatik, errepresiotik eta pobreziatik ihesi, ehunka milaka errefuxiatuk ailegatu nahi dute Europara Libiatik aterata. Gehienak Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak dira, baina azken urteotan Ekialde Hurbiletik ere gero eta gehiago izan dira bide hori hartu dutenak. Millmanek emandako datuen arabera, aurten mundu osoan 4.027 lagun hil dira itsasoko zeharkaldietan, eta IOMeko bozeramaileak erran du horietako %75 inguru Mediterraneoa Europarantz zeharkatu nahian hil direla. Iazko lehenbiziko zazpi hilabeteetan zituzten datuekin konparatuta, %35 igo da hilen kopurua. Baina hil diren guztien datuak izatea ezinezkoa da, Sabrathan agertu diren gorpuen kasuan bezala, hondoratze guztien berririk ez delako izaten. Joan den astean bakarrik, Libiatik ateratako 8.000 errefuxiatu erreskatatu zituzten Mediterraneoan, IOMen arabera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)