UDAKO SERIEA. ERREFUXIATUEN MUNDUAK (III). OLUWASOLA ADEBAYO ADAMS.
«Ezin nintzen bizi nire arreba hil zutenen ondoan»
Nigeriako segurtasun falta jasangaitza bihurtu zenean, alde egiteko ordua zela ikusi zuen Adamsek. Bi urteko bidaia latz baten ostean, Bilbora iritsi da, eta ez du itzultzeko asmorik.
Berria, , 28-07-2016Bere bizitza arriskuan jarriko zuela jakinda ere, Oluwasola Adebayo Adamsek (Ondo, Nigeria, 1972) 2014an utzi zuen atzean sorterria Europarantz abiatzeko. Bi urteko bidaia arriskutsu baten ostean, duela bi hilabete iritsi zen Bilbora. Pozarren dago Euskal Herrian izan duen harreragatik, eta ez du zalantzarik agertzen, inoiz Nigeriara itzultzeko asmorik duen galdetuta: «Ez naiz itzuliko, inolaz ere; hemen geratu nahi dut hil arte».
Hala ere, bere familia han uzteagatik errudun sentitzen dela aitortu du triste: «Orinatxe bertan non dauden ez dakit». Baina, lan bat aurkitu eta dirua aurreztu bezain laster, familia ekonomikoki laguntzeko ahal duen guztia egingo du.
Adams, Nigeria hego-mendebaldean dagoen Ondo eskualdean sortua da, hiri txiki bateko familia pobre batean. Haren pasioa musika da; batez ere, abestea eta danborra jotzea. Musikarekin lotutako ikasketak egiten zituen hona etorri aurretik, eta, lanik aurkitzen ez zuenez, ikasten jarraitzea zuen bere irtenbide bakarra. Lau hizkuntza dakizki, ingelesa —Nigerian ofiziala—, frantsesa, joruba eta arabiera —hona etortzeko bidaian zehar ikasi zuen—.
Nigeria da populaziorik handieneko herrialdea da Afrikan; ia 200 milioi biztanle ditu. Halaber, 250 etnia bizi dira han, eta 500 hizkuntza inguru hitz egiten dira, zeharo plurala den erakusgarri. Adamsen etniak joruba du izena, eta hegoaldean du nagusitasuna; jendetsuenetan bigarrena da — 30 milioi pertsona inguru bizi dira—.
Bi erlijioren elkarbizitza
Nigeria bi multzo erlijioso nagusitan dago banatuta: populazioaren erdia, gutxi gorabehera, musulmana da, eta iparraldean bizi da batez ere. Beste %40 inguru, berriz, kristauak dira, eta hegoaldean daude errotuta. Eta gainontzeko %10ek sinesmen tradizionalei eusten diete.
Joruben artean, erdia baino gehiago kristauak dira, laurden bat musulmanak, eta beste laurdenak sinesmen tradizionalak mantentzen ditu. Kristauen eta musulmanen arteko harremanaren inguruan galdetu ondoren, zera dio Adamsek: «Gure etnian oso sozialak gara, eta, hortaz, norbait nire anaia bada, ez dut erlijioarengatik edo beste edozergatik diskriminatuko. Lagun musulman asko ditut». Baina Nigeria iparraldean egoera ezberdina dela dio, erlijio tolerantzia txikiagoa dela eta horrek gatazka armatuak dakartzala. Izan ere, estatu islamiko bat ezartzea helburu duen Boko Haram talde armatuaren atentatuak ugari dira iparraldean.
Boko Haramen indarkeria da milaka eta milaka nigeriarrek atzerrira ihes egitearen arrazoia. Adams bizi zen gehiengo kristauaren lurraldean, ordea, taldeak ia ez du presentziarik. «Nigeria oso handia da, eta punta bateko edo besteko pertsona batek arrazoi zeharo ezberdinak izan ditzake ihes egiteko». Adibidez, hegoaldean, Niger ibaiaren deltan kokatutako petrolioaren industriak sortutako gatazka armatuek eta istripuek desplazamendu asko eragiten dituzte.
Adamsek jaioterria uzteko bi arrazoi nagusi aipatu ditu: batetik, arrazoi ekonomikoa, lan irtenbiderik ez dagoela, eta, hortaz, gazteek etorkizun beltza dute. Bestalde, giza eskubiderik ez dagoela. Azken horren harira, honako hau azaldu du: «Pobreak oso pobre dira, eta aberatsak oso aberats». Berak familia aurrera ateratzen lagundu nahi zuen, baina han bertan geratuta «ezinezkoa» zen.
Mafiak eta segurtasun eza
Nigeria uzteko arrazoi guztien artean, segurtasunik eza izan zen erabakigarriena Adamsentzat: «Mafiek jendea bahitzen dute, eta, gero senideei dirutza eskatzen diete; normalean, ordaindu ezin dezaketen dirutza». Eta, dirua bildu ezin badute, gehienetan bezala, hil egiten dute bahitua. Adams izan zen biktima horietako bat: bere 35 urteko arreba bahitu zuten, eta, dirurik ez zuenez, Poliziari deitu zion, baina ezin izan zuten ezer egin hura hiltzea eragozteko. Kolpe handia izan zen berarentzat. Gainera, ondoren, Poliziari deitzeagatik mehatxatu egin zuten, eta, bere bizitza arriskuan ikustean, konturatu zen irtenbide bakarra ihes egitea zela. «Ezin nintzen bizi nire arreba hil zutenen ondoan».
Bidaiaren gorabeherak
Nigeriatik irten zenetik Bilbora iritsi arteko bidaia kontatzen hasi aurretik, hasperen egin, eta hunkitu egin da: «Orain dator kontakizunaren pasarterik gogorrena. Arriskuz beteriko bidaia izan da. Ez da erraza kontatzea nola ihes egin duzun heriotzatik».
Arrebaren hilketa izan zen txinparta; Adamsek argi ikusi zuen iritsia zela herrialdetik ihes egiteko ordua. Bidaia luzea eta arriskutsua izango zela bazekien, baina saiatu behar zuen. Abiatu aurretik, hilabete batzuk eman zituen baldintza kaxkarreko lanak egiten, diru apur bat aurrezteko, ez baitzuen bidaiari aurre egiteko adina.
Dirua lortu bezain laster, familiari agur esan, eta iparralderantz abiatu zen, bakarrik, oinez. Hilabeteak behar izan zituen Nigeriako eremu batetik bestera mugitzeko, ez baitago askatasunik edozein tokitara bidaiatzeko. Ahal zuenean, gurutzatzen zituen herrietan lan txikiak egiten zituen, dirua lortu eta mugitzen jarraitzeko. Azkenean, Nigeria eta Niger banatzen dituen muga zeharkatzea lortu, eta Zinderrera iritsi zen, Nigerreko lehenbiziko hiri garrantzitsura. Han, mafiei ordaindu eta gero, kamioi bat hartu zuen, Afrikako beste herrialde batzuetako migratzailez betea.
Bidaian zehar lagunak egin zituen, batzuk nigeriarrak. Haien artean senidetasun sentimendu bat sortu zen, elkar laguntzera behartuta baitzeuden bizirik iraun nahi bazuten.
Adamsek bere sinesmen erlijiosoak ezkutatu behar izan zituen, Europara bidean zeharkatu behar zituen herrialde guztiak gehiengo musulmanekoak direlako. «Zenbait herrialde musulmanetan, kristaua zarela ohartzen badira, zure bizitza arriskuan egon daiteke». Izena ere aldatu behar izan zuen, izen musulman batekin, bereak sala ez zezan. Haren ustez, oro har, «kristauak baino askoz ere intoleranteagoak» dira musulmanak.
Bidaiaren tarterik gogorrena, zalantzarik gabe, Saharako basamortua zeharkatzea izan zela aitortu du. Egunak pasatu zituzten, basamortuan barna oinez, eta bidaian egindako lagun ugari galdu zituen han. «Egarria eta eguzkia ziren gure etsairik bortitzenak».
Azkenean, gauez, Aljeriako mugara iritsi, eta argi batzuk ikusi zituzten. Erreskate taldeak ziren, eta, migratzaileen egoera txarra ikusita, ura eta esnea eman zieten indarberritzeko. Horri esker, Aljeriako hurrengo hiri garrantzitsura iristea lortu zuten, Ghardaiara; eta handik, Oranera, Marokoko mugatik hurbilen dagoen hirira. Ondoren, Marokoko muga gauez igaro zuten, eta, azkenean, Atlas mendiak zeharkatzen egunak pasatu eta gero, Espainiara iritsi aurretik, Afrikako azken hirira iritsi ziren, Nadorrera.
Han, migratzaileekin trafikatzen duten mafiek galdetu zieten ea Europara joan nahi zuten. Baietz erantzun, eta ea zenbat diru zeramaten sakelan. Adamsek hogei euro zeramatzan, eta nahikoa izan zen «bidaiari txartela» lortzeko. Beste 25 pertsona ingururekin batera sartu zen patera batean, oso baldintza kaxkarretan. Itsasoratzean, higiene eta janari faltagatik, haietako asko larri gaixotu egin ziren. Alabaina, zorionez, ez zuen inork bizitza galdu.
Itsasoan hamalau ordu zeramatzatela, bat-batean, helikoptero hotsak entzun, eta zerura begiratu zuten. «Poliziaren helikopteroak zirela ohartu ginenean, gehienek itsasora jauzi egiteko nahia sentitu zuten, beldurtuta». Baina, megafono batetik «tranquilo, tranquilo», entzun zuten orduan. Gehienek ez zekiten gazteleraz, baina senak esan zien lasaitzeko esaten ari zietela. Ondoren, Espainiako Guardia Zibilaren itsasontzi bat hurbildu zitzaien, eta esan zieten kostaldera eraman nahi zituztela eta haien ontzira igotzeko. Andaluziako kostaldera eraman zituzten, eta, handik, Granadako errefuxiatu zentro batera. Gaixorik zeudenak, berriz, Gurutze Gorriaren zaintzapean utzi zituzten.
Granadan egun batzuk pasatu ostean, Madrilgo beste zentro batera eraman zituzten hegazkinez. Han zazpi egun igaro, eta lagun nigeriar batek esan zion Bilbora joateko asmoa zuela, handik Europako beste herrialde batera mugitzeko. Adamsek gehiegi pentsatu gabe jarraitu zuen laguna, baina berak argi zuen Bilbon geratu nahi zuela, han joruba elkarte bat zegoela entzun baitzuen. Lagunari betiko agur esan eta Bilboko joruba elkartearekin harremanetan jarri zen, Euskal Herriko joruba eta jorubaren lagunak elkartearekin.
Europa, haien «paradisua»
Europa da ihes egiten duten milaka eta milaka nigeriarren helmuga. Gehienak herrialde anglosaxoietara abiatzen dira, hizkuntza erraztasunagatik. Baina Adamsek hemen geratu nahi du, Bilbon. «Beste kulturak ezagutzea gustuko dut». Nigerian Europari buruz duten ikuspegiaren inguruan, «paradisua» balitz bezala ikusten dute. «Gazte gehienok Europara iristearekin amesten dugu. Lan eta etorkizun aukerak ikusten ditugu han». Askotan, ordea, migratzaileek ez dute aurkitzen amestutako «paradisu» hori, herrialde aberastuetan baztertuak eta egoera ezegonkor batean bizitzera kondenatuak izan ohi baitira.
Baina Adams oso baikorra da: «Hona iritsi nintzenean, oso pozik nengoen: argindarra, leku batetik bestera mugitzeko askatasuna… Eta Nigerian ez nituen beste hainbat eta hainbat erosotasun aurkitu nituen. Nire muga bakarra hizkuntza da, baina moldatuko naiz ikasteko». Orinatxe bertan, ez du lo egiteko leku iraunkorrik. Elizaren eta elkarteko beste joruben laguntzari esker irauten du bizirik, eta kalean musikari gisa lortzen dituen xoxekin. Baina, itxaropenez gainezka, ziur dago lana eta asiloa lortuko dituela, eta etorkizun ona ikusten du Euskal Herrian. «Benetan, hemen geratu nahi dut betiko. Jendea oso atsegina eta eskuzabala da hemen, eta hori bihotz-bihotzez eskertzen dut».
(Puede haber caducado)