Frantziako eliza batean gatibuak hartu, eta apaiza hil dute bi islamistak

Poliziak bi erasotzaileak hil ditu. Sei gatibu hartu dituzte, eta elizgizona lepoa moztuta hil dute. Beste pertsona bat larri zauritu dute. Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatua, ohar batean

Berria, , 27-07-2016

Nizako sarraskitik ez dira bi aste pasatu, baina beste eraso islamista bat sufritu dute Frantzian, alerta bete-betean. Bi gizon Saint-Etienne-du-Rouvrayko elizan sartu dira, Rouen hiritik gertu, Frantzia iparraldean, eta bost gatibu hartu dituzte. Ordubeteko setioaren ondoren, Poliziak bi erasotzaileak hil ditu tiroz, baina parrokiako apaiz laguntzailea, 86 urtekoa, hila zuten ordurako, labanarekin lepoa ebakita. Beste pertsona bat larri zauritu dute, baina haren bizitza ez dago arriskuan. Frantziako presidente François Hollandek EI Estatu Islamikoari egotzi dio atentatuaren erantzukizuna, eta handik gutxira bere egin du erasoa talde islamista sunitak; Amaq agentziak jakinarazi du «EIren soldaduak» zirela erasotzaileak.

«Gerra hau luzea izango da». Errepublikaren aurkako eraso zuzena salatu du presidenteak, eta batasunerako deia egin du. «Terroristek zatitu egin nahi gaituzte. Askatasunak murrizten baditugu, kohesio soziala galduko da». Saint-Etienne-du-Rouvrayra bildu dira presidentea eta Bernard Cazeneuve Barne ministroa. Baionako bisita bertan behera utzi du ministroak; jaien harira hartutako segurtasun neurriak ikuskatzera joatekoa zen. EIk zabaldutako oharraren arabera, «gurutzatuen koalizioari eraso egiteko deiari erantzunez» egin dute atentatua, Sirian eta Iraken esku hartu duen nazioarteko koalizioari erreferentzia eginez.

François Mollins Frantziako fiskal nagusiak azaldu duenez, bi erasotzaileak 09:25ean sartu dira elizara, labanez armaturik. Sei gatibu hartu dituzte: apaiza, hiru moja eta bi fededun. Horietako moja batek ihes egitea lortu du, eta Polizia ohartarazi du. Mojak Frantziako hedabideei emandako lekukotzaren arabera, belaunikatzera derrigortu dute apaiza, eta hilketaren bideoa grabatu dute.

Mollinsen arabera, elizako atarira ateratzean «neutralizatu» dituzte biak. «Roueneko BRI [Ikerketa eta Interbentzio Brigadak] oso azkar iritsi dira, eta sektorea berehala inguratu dute». Bahitzaileekin negoziatzen saiatu dira, baina ezin izan dute eliza barruan sartu. Une batean elizatik atera dira erasotzaileak, eta orduan tirokatu dituzte segurtasun indarrek. Fiskalak esan duenez, erasotzaileek itxurazko bonbak zituzten soinean, eta «Ala Akhbar» oihuak egin dituzte. Frantziako hedabideek zabaldu dutenez, erasotzaileetako batek bizarra eta musulmanek eraman ohi duten kapela zuen.

Erasotzaileetako bat ofizialki identifikatu dute; Seine-Maritime departamenduan jaio zen —erasoa egin duten herriaren departamendu berbera—, eta zerbitzu sekretuek ezagutzen zuten, Sirian bitan sartzen saiatzeagatik. Bigarren aldian besoko elektronikoa jarri zioten, kontrolpean edukitzeko. Beste erasotzailea identifikatzeko dute oraindik. Halaber, adingabe bat atxilotu dute, erasoarekin lotura duelakoan. Manuel Valls lehen ministroak segurtasun indarren lana defendatu du: «Ehunka eta milaka norbanako erradikalizatu daude Frantzian».

27.000 biztanleko hiria da Saint-Etienne-du-Rouvray, historikoki komunismoaren gotorlekuetako bat. Poliziak arratsaldera arte lan egin du eliza inguruan bonbarik ez zegoela ziurtatzeko, eta egun osoan handia izan da polizien presentzia.

Nizako atentatuaren ostean gertatu bezala —84 pertsona hil zituen EIren jarraitzaile batek—, eztabaida eta erreakzio biziak piztu ditu erasoak, batez ere oposizioko alderdien artean. FN Fronte Nazionalak zuzenean gobernua egin du erantzule. «Azken 30 urteetan gobernatu dutenek erantzukizun handia dute. Berriketan ikustea sumingarria da», adierazi du eskuin muturreko alderdiko buru Marine Le Penek.

Errepublikanoak alderdiak ere gobernuaren aurka jotzeko baliatu du aukera; Nicolas Sarkozy buruzagiak eskatu du errotik aldatzeko «terrorismoaren aurkako borroka». Iazko azarotik salbuespen legea ezarria badago ere, are neurri gogorragoak nahi ditu Frantziako presidente ohiak. «Errukigabeak izan behar dugu. Zuhurtziak ez du balio».

Aurrekariak elizetan

Elizak muturreko islamisten lehentasunezko helburuak dira. Iazko apirilean, Poliziak Villejuif herriko elizen aurkako atentatua eragotzi zuen, Paris inguruan. Ustezko erasotzailea atxilotu zuten segurtasun indarrek; fiskalaren arabera, autoa lapurtu nahi zion emakume bat hil zuen aurretik.

2015eko urtarrileko atentatuen ondotik, eskola judu, sinagoga eta meskita asko zaintzape iraunkorrean ditu Poliziak. Villejuifen eragotzitako erasoak Vigpirate plana moldarazi zion Parisi, eliza katolikoak ere babesteko. Cazeneuvek ere prefetei ohartarazia zien elizen inguruko segurtasuna indartzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)