Eraldaketa amaitu dute

Berria, Adrian Garcia, 21-07-2016

Gutxi iraun behar zuen bitxikeria bat zen hasieran, baina askoren amesgaiztoa egia bilakatu da: inork ezin izan du geldiarazi Donald Trumpen trena, eta, azken geltokia igarota, dagoeneko Alderdi Errepublikanoko presidentegaia da ofizialki. Susmo txar eta erresistentzia guztien gainetik, behar adina delegatuen boto jaso ditu izendapena eskuratzeko. Alderdi Errepublikanoak batasun itxura islatu nahi izan du konbentzio nazionalean, eta arrakalak ixteko aurkitu du modu egokia; hautagaiaren bertuteak nabarmendu beharrean, aurkaria deitoratzen jarri dituzte indarrak, eta hiru orduz baino gehiagoz egin dute Hillary Clintonen aurka. Chris Christie New Jerseyko gobernadoreak eta Trumpen hasierako babesleak honela laburbildu du: «Trumpen itzalek ez dute axola alternatiba Clinton denean».

Clevelandeko konbentzioan 1.725 boto jaso ditu Trumpek, behar zituen 1.238k aise gaindituta. Halere, esanguratsua da delegatuen %30ek ez babestea presidentegaia; 1976. urtetik ez du hautagai errepublikano batek oposizio horren handia izan.

Edonola ere, izendapenak errepublikanoen fakzio matxinoen beste saialdiak bertan behera utziko ditu behin betiko. Asteleheneko irekiera ekitaldian Never Trump (Sekula ez Trump) mugimenduko kideak prozedura aldatzen saiatu ziren, beste hautagai batek izendapena jasotzeko azken ahaleginean. Ez zuen hasiera samurra eduki konbentzioak, Melania Trumpen hitzaldiaren plagio salaketek ere nabarmen utzi baitzituzten errepublikanoak; Michelle Obamak 2008an eman zuen hitzaldiaren pasarteak erabili zituen Trumpen emazteak.

Batasun itxura

Barack Obama presidente izendatu zutenetik Alderdi Errepublikanoak hasitako biraren azken ukitua da Trumpen garaipena. Zentrotik urrundu dira errepublikanoak, Washingtonen politikak blokeatzea obsesio. Trumpen proposamen polemikoenak bere egin ditu alderdiak, Mexikoko harresiarena barne, eta programa ofizialean txertatu ditu. Oso gogorra da Trumpek etorkinen aurka erabilitako diskurtsoa, eta ildo xenofobo berberari eutsi dio programak. Paperik gabe dauden 11 milioi etorkinen egoera arintzeko Obamak sinatutako dekretuak «legez kanpoko amnistiatzat» jotzen ditu, eta «terrorismoarekin» zuzenean lotu du immigrazioa.

Horrez gainera, sektore moderatua ez da gai izan LGTB mugimenduaren aurkako alderdiaren diskurtsoa leuntzeko. Bankari lotutako lobby-ak ere ezin izan ditu geldiarazi inbertsio bankuen aurkako neurri populistak. Hain zuzen, errepublikanoen erroen aurka egin du hautagaiak, finkatuak ziruditen printzipio batzuk hankaz gora utziz: esku hartze militarren eta merkataritza askearen aurka dago.

«Ohore bat da AEBeko presidente izateko errepublikanoen hautagaia izendatua izatea». Bideo konferentzia baten bitartez, hiru minutuko hitzaldia eman du presidentegaiak. Gaur itzuliko da biltzarrera, eta izendapena onartzeko diskurtsoarekin ekitaldia itxiko du, Etxe Zurirako lasterketa abiatzeko.

Alderdi Errepublikanoaren goi aparatuaren aldartea Paul Ryan Ordezkarien Ganberako presidentearen jarreran laburbil daiteke. Orain lau urte, Mitt Romneyren presidenteordegai gisa izar baten moduan hartu zuten konbentzioan, baina egunotan hotz hartu dute Trumpen jarraitzaileek. Trump babestu beste aukerarik ez du izan Ryanek, azken orduan izan bada ere. Etsita, pragmatismo politikoa lehenetsi du, demokratei gailentzeko helburua buruan. «Demokrazia da hautu batzuen artean aukeratzea. Guk errepublikanook egin dugu gure aukera».

Alderdiko giroa baretzen saiatu da Ryan. Izan ere, jendaurrean eztabaida ugari izan ditu Trumpekin, haren mezu arrazistak direla eta. «Gure artean desadostasunak izan ditugula? Bai, noski. Bizirik egotearen zantzuak dira». Ordezkarien Ganberako presidenteak soilik behin aipatu du Trump bere hitzaldian, eta ez ditu haren proposamenak babestu.

Mitch McConnell Senatuko errepublikanoen buruak ere gogoz kontra onartu behar izan du presidentegaia. Nolanahi ere, bi alderdiburuak konbentziora biltzeak lasaitasun apur bat eman die Trumpen aldekoei. Asko eta esanguratsuak izan baitira hutsegiteak; Ohion egin dute konbentzioa, baina ez John Kasich estatuko gobernadoreak ez eta Rob Portman senatariak ere ez dute parte hartu. Azaroan hauteskundeak galtzeko aukeraren aurrean, hasia dira alderdikide batzuk prestakizunak egiten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)