EIk bere egin du Nizako erasoa
Mohamed Lahouaiej «soldadua» dela dio talde islamistak. Barne ministroak EIren eragina ikusi du, «lehenengo zantzuen» arabera
Berria, , 17-07-2016«Estatu Islamikoaren soldadu batek gauzatu du operazioa», esan zuen atzo EIren Amaq berri agentziak Nizako atentatuari erreferentzia eginez. Frantziako fiskaltzarentzat ere eraso hori bat dator EIren mehatxuarekin, Abu Mohammad al-Adnani bozeramaileak mendebaldarrak hiltzera deitu zuelako balak, labanak eta baita «autoak» ere baliatuz. Mohamed Lahouaiej Bouhlel 31 urteko gizonezkoak 84 lagun hil zituen ostegunean kamioi batekin harrapatuta. Poliziak bost pertsona atxilotu ditu erasoaren ikerketaren barruan, horien artean erasotzailearen bikotekide ohia.
Lahouaiej Bouhlel tunisiarraren inguruan oraindik zalantza handiak badaude ere, Bernard Cazeneuve Barne ministroak adierazi du «lehenengo zantzuek» erakusten dutela erasotzailea «oso azkar erradikalizatu» zela. «Ekintza honek erakusten du zein zaila den terrorismoaren aurkako borroka, Estatu Islamikoaren mezuen eraginpean dauden norbanakoen aurrean baikaude». Halaber, Cazeneuvek «frantziar patriotei» eskatu die armadako erreserba indarretan izena emateko. Edozein herritarrek egin dezake hori. François Hollande presidenteak erreserbistak erabiltzeko asmoa du Polizia indartzeko. Jean Yves le-Drian Defentsa ministroaren arabera, EIk «espiritu terrorista»ematen die jarraitzaileei.
Erabat ezezaguna
Lahouaiej Bouhlelek, izan ere, ez zuen bizilagun eta lagunen artean muturreko jarrera islamistaren zantzurik erakutsi, eta Frantziako Poliziak ez zuen haren arriskuaren aztarnarik muturreko islamismoa dela eta. Erasotzailearen aitak dio botikak hartzen zituela arazo psikologikoei aurre egiteko.
(Puede haber caducado)