«Haur errefuxiatuen egoera bi hitzetan azal daiteke: babesik eza»

Europa errefuxiatuen harrerarako prest dagoen lurraldea ote den hausnartu dute zenbait adituk EHUk antolaturiko udako ikastaroan. Ariasek haur errefuxiatuek duten egoeraren berri eman du bertan.

Berria, Maider Galardi, 15-07-2016

Haur errefuxiatuen egoera gizarteratzeko lanetan dabil Marta Arias (Salamanca, Espainia, 1974) errefuxiatuen krisiak eztanda egin zuenetik. Unicefeko haur politiketako eta sentsibilizaziorako zuzendaria da, eta, egun errefuxiatuak masiboki jasotzen dituzten lurraldeetan lanean ari bada ere, Donostian izan da Europa: errefuxiatuen harrerarako prest dagoen lurraldea al da? jardunaldietan, EHUk antolatuta.

406.000 haurrek eskatu zuten harrera 2015. urtean. Gainera, eskatzaile guztien laurdena dira haurrak. Zein egoeratan daude?

Gaur egun, Greziako errefuxiatu guneetan dauden siriarren %40 haurrak dira, eta horietatik laurdenek bakarrik egin dute bidaia. Harrera eskaera egin duten haurren egoera askotarikoa da, baina, gaur gaurkoz, haur gehienak erantzun administratiboaren zain daude oraindik. Prozesuak iraun bitartean ere, egoera ezberdinak bizi dituzte; Italian, 18 urte bete arte eskubide guztiak bermatuaik dituzte, baina, adin hori beteta, eta erantzunik ezean, eskubideak galtzen dituzte. Beste zenbait kasutan, adingabeentzako zentroetan daude, edo immigranteentzako gune berezietan. Okerrenean, berriz, atxikitze zentroetara eramaten dituzte.

Are gehiago, Europolek urte hasieran esan zuen 10.000 haur errefuxiatu desagertu zirela.

Egoera honi erantzuten dio horrek: harrera baimena eskuratzea eta familia berregitearen prozesua hainbeste luzatzen denez, bakarrik bidaiatzen duten haurrek guneetatik alde egiten dute bideari jarraitu eta helmugara iristeko. Beraz, momenturen batean erregistratuta egon badira ere, berriz desagertzen dira zerrendatik. Ez dira 10.000 haur horietatik guztiak fisikoki desagertu; ziurrenik, asko euren helmugara iritsi dira honezkero. Noski, ez dakigu noiz, nola eta zein baldintzatan. Horrek are eta egoera kalteberagoan uzten ditu haurrak; izan ere, arrisku bikoitza hartzen dute. Muga gehienak itxita daudenez, bideari jarraitu ahal izateko trafikatzaileengana jotzen dute. Hori ordaintzeko baliabide ekonomikoak behar dituzte, sarritan, prostituzio eta lan behartuak eginez.

Beste lurralde batzuetatik ere ihes egiten dute haurrek hainbat arrazoigatik —haur soldaduak, prostituzioa, ablazioa, meatzeetako lan behartuak…—. Zein da haur horien egoera gaur egun, haiei buruzko alarma piztua ez badago?

Azkenaldian komunikabideetan lekurik ez duten zenbait eremu kritiko badaude oraindik ere munduan. Esate baterako, Libiatik barrena, Italiara haurrak etortzen dira Eritrea, Nigeria, Gambia eta Afrikako beste herrialde batzuetatik, bide oso arriskutsua zeharkatuz. Bestalde, Europan bertan ere egoera ez da samurra. Calaiseko errefuxiatu eremuari buruzko txosten bat kaleratu dugu duela gutxi, eta jatorri ezberdineko eta laguntza gabe bidaiatu duten gazte ugari zenbatu ditugu bertan. Gehienak aurrez ihes egindako gazteak dira. Beraz, trafikatzaileen zain daude Calaisen, Britainia Handira noiz igaroko zain. Dena den, edozein haur errefuxiaturen egoera bi hitzetan azal daiteke: babesik eza.

Krisi honek agerian utzi duen beste arazo bat da haurdun dauden emakumeena eta haur jaioberriena.

Bakarrik bidaiatzen duten haurrez gain, egoera kaltebera duten haurrak dira jaioberriak, eta, noski, baita haurdun dauden emakumeak ere. Jaioberrien kasuan, arriskua bikoitza da; batetik, klima baldintzak direla eta, neguan bizirik irauteko aukera gutxi izaten dute, eta, bestetik, lege arazo handiak dituzte apatridia egoera bat bizi dutelako. Hau da, haur horiek ez dute naziotasunik, ezta jaiotza paperik ere. Kontuan hartu beharreko beste kolektibo kaltebera bat haur elbarriena da.

Zein baliabide dituzte haurrek egunerokoan salbuespenezko egoera horri aurre egiteko?

Errefuxiatuak jasotzen dituen herrialdearen arabera, aldatu egiten da haur horien egoera. Turkiak, harrera egiteko ohitura handiagoa duenez, ongi bermatzen ditu haurren baldintzak: eremu berezietan egon beharrean, familietan kokatzen dituzte haurrak, eta, ahal izatekotan, eurenarekin. Horrela, haur batek behar dituen oinarrizko zaintza beharrak berma daitezke. Gainera, eskolara joateko aukera dute, eta, siriarren kasuan, hezkuntza sistema mantentzeko akordioak dituzte aldameneko herrialdeekin. Grezia eta Alemaniaren kasuan, berriz, egoera askoz prekarioagoa da, eta hori Europa da. Oraingoz, arazoari ez zaio behar bezalako erantzuna eman, eta, ondorioz, ez dira haurren eskubideak bermatzen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)