ERREFUXIATUAK. GREZIARAKO KARABANA
Errefuxiatuen alde, Greziaraino
Errefuxiatuen eskubideak defendatzeko Greziara doaz 121 euskal herritar. No Border egitasmoan parte hartuko dute Tesalonikan. Elkarlan, ekintza eta aldarrikapenekin, politiketan eragin nahi dute
Berria, , 15-07-2016Asko dira babes eta ongizate bila ihesean hildako errefuxiatuak, eta bizirik dauden beste asko ez aurrera ez atzera daude. Grezian, esaterako, bestelako bizitoki bat aurkitu bitarteko 48 zentroetan 54.000 pertsonatik gora daude. Hori gutxi ez, eta, konponbide egokiaren faltan, halako gune gehiago eraikitzen jarraitzen dute, krisia areagotuz. Kanpaleku horietako batzuk bisitatuko dituzte Karabana Greziara: Mugak Zabalduz egitasmoan parte hartuko duten 121 euskal herritarrek. Baina hori ez da bidaiaren helburu nagusia.
Errefuxiatuen egoera hobetu nahi dute, eta, horretarako, bidean agintariei eta gizarteari erakutsi nahi diete herritar gisa arazoari aterabidea emateko borondatea dutela. Horregatik, errefuxiatuek dituzten baldintza eta oztopoak salatuko dituzte, erakundeei eskakizunak egingo dizkiete, eta elkartasuna erakutsiko diete errefuxiatuei eta haien alde lanean ari diren norbanako eta kolektibo askotarikoei.
Egitasmoa antolatzeaz Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma arduratu da Bizkaian, Iruñea Harrera Hiria herri egitasmoa Nafarroan, eta Gasteiz Irekia taldea Araban. Euskal Herrian 121 pertsonak emana zuten bidaiarako izena astelehenean, eta, asteazkenean, Bilbon bidaia antolatzeko azken batzarrera 50 pertsona inguru bildu ziren. Gasteiz Irekiak atzo emandako prentsaurrekoan iragarri zuten handik 40 pertsona joango direla. Iruñea Harrera Hiriaren bidez ere hainbat pertsonak eman dute izena, eta bidaia laguntzeko bonuak ere saldu dituzte azken egunetan.
Doazenen artean daude Dani Gutierrez, Amaia Herrero eta Arantza Fernandez de Garaialde, eta, egitasmoaren berri ematearekin batera, beren kezka, iritzi eta motibazioen berri eman diote BERRIAri Bilbon, Greziara joan aurreko egunetan.
Elkarlan eta ekintza bidea
Gaur goizean dute lehen bidaia eguna karabanan doazenek, eta gehienak hilaren 25ean iritsiko dira bueltan. 08:15ean abiatu aurreko agurra egingo diete bidaiariei, Bilboko San Nikolasen, eta, jarraian, autobusetan abiatuko dira. Gasteizera joango dira, eta, hango kideak jasota, espero dute 09:15ean Iruñera bidean izatea. Iruñean, udalak harrera egingo die Nafarroatik doazenekin batera. Ekitaldi sinboliko horren ondoren, Bartzelonara joango dira. 19:00etan heltzea espero dute, egitasmora batu diren gainerako autobusekin bat egiteko; guztira, Bartzelonatik 216 pertsona abiatzea espero dute. Alabaina, bidean egingo dituzten ekitaldietan jende gehiago arituko da.
Bartzelonako Poble Noun, manifestazioa eta ekitaldi politiko eta kulturala egingo dituzte, politikari, artista eta gizarte mugimenduekin. Milanen ere manifestazioa egingo dute bihar, eta karabanakoek Italian migratzaileen eskubideen aldeko mobilizazioa indartzen laguntzea espero dute. Etzi, Anconatik (Italia) Iguomenitsara (Grezia) doan ferryan batzarra egiteko asmoa dute. Astelehenean iritsiko dira Tesalonikara (Grezia), han No Border kanpaldian parte hartzeko.
No Border hamar eguneko egitasmoa bada ere, karabanako gehienak lau egun egongo dira Aristoteles unibertsitateko campusean kanpatuta. Egitasmo horren barruan, hiru bisitaldi egingo dituzte errefuxiatuentzako beste bizileku bat aurkitu arteko zentroetara. Greziako Paranesti eta Xanthiko atxilo zentroetan egingo diren protestetan parte hartzeko asmoa ere badute. Itzuleran, Atenasen Espainiak duen enbaxadan batzartzeko eta prentsaurrekoa emateko eskaera ere egin dute, eta, bestela ere, han egongo dira haien aldarrikapenak egiteko. Izan ere, Karabana Greziara egitasmoak argi idatziak ditu eta denentzat eskuragarri Europako eta Espainiako gobernuari Grezian egingo dizkieten hamalau eskariak.
Ez dute ukatzen «bidaia gogorra» izango dela, baina «antolatzen eta informazioa biltzen askok egin duten lana handia da», eta laguntza eman dutenak asko izan dira. Adibidez, informazioa, lotarako azpiegiturak eta elikagaiak elkarte, kooperatiba, mugimendu eta norbanako askori esker lortu dituzte.
Egoera latza
Fernandez de Garaialderen ustez, errefuxiatuekin gertatzen ari dena «tragedia bat» da, guztiz «iraingarria, mingarria eta onartezina»,tartean ume asko, bortxaketak, mafiak, nora eza, migrazio politikak… Herrerori ere «lotsagarria» eta «jasanezina» iruditzen zaio egoera. «Hori adierazteko modua eta aldarrikapenak hara eramateko era da bidaia». Bizitokia aurkitu bitarteko zentroek betikotzeko joera dutela ikusi da beste kasu batzuetan ere, eta ez dute nahi gauza bera gertatzea. Gainera, bizi baldintzak direla eta, errefuxiatu batzuek gose grebak ere egin dituzte Grezian. Gutierrezek uste du denboraren joanak eta Europako Batasunak Turkiarekin sinatutako akordioak mediatikoki arazoa urrundu duela. «Ezin da gaia amatatzen utzi; iritzi publikoan egon behar du, ikusgarritasuna eman behar zaio».
«Europako gobernuek bazekiten zer gertatuko zen: jendeak ihes egin behar zuen», dio Herrerok. Izan ere, gatazka guneetan dauden pertsonak dira beldurrik handiena dutenak eta egoera larrienak pairatzen dituztenak. Eta ihes egiteko baliabideak behar direla ere gogoratu dute; alegia, migratzaileak jatorrian ez zirela pobreak. Halere, Fernandez de Garialderen ustez, «agintarientzat, ez dira pertsona funtzionalak». Errefuxiatuenari «arazo zaharra» deritzo. «Baina erakundeek muga batzuk gainditu dituzte oraingoan; bertan behera utzi dituzte giza eskubideak». Uste du erakundeetan «hipokrisia» dagoela. «Haien migrazio eta asilo politikekin sortu dituzte arazoetako asko». Gutierrez ados dago: «Bigarren mailako heriotzak dira askorentzat, baina, arazo larriagoak dituzten arren, gu bezalako pertsonak dira».
Fernandez de Garaialdek joera bat ikusten du: «Hemen erreforma eta murrizketek prekarizazioa ekarri dute lanean, pentsioetan, funtzionarioetan, negoziazio kolektiboa ahuldu dute… Hemen egin den kaltearen antzera, nazioartean ere behar handienak dituztenei oztopo gehiago jartzen zaizkie; koherentzia dago langile borrokan eta feminismoan». Gutierrezek dioenez, «kapitalismoa sozialki garrantzitsuak diren gaiei sarri gailentzen zaio egunerokoan».
Eragiteko nahia
«Badakigu ez dugula arazoa honekin konponduko, ez dela nahiko, baina ziur gaude ezer ez egitea baino lagungarriagoa dela», diote hirurek, ados. «Gauza txikiekin bada ere, eragin nahi dugu, arazoa konpontzen lagundu, motibazioa politikoa da», adierazi du Herrerok. Gutierrezen esanetan, «hegazkinez joatea merkeagoa zen, baina hori ez da bidaiaren zentzua». Arrastoa utziko dute bidean, eta itzultzen direnean ere borrokan jarraituko dutela badakite. «Erakundeei presioa egiten jarraituko dugu, eta elkartasuna lantzen, gizarteak elkartasunari esker egiten baitu aurrera».
(Puede haber caducado)