Zapia jantzita eramateagatik eskolan bakarturiko neskari ez dio erantzun Jaurlaritzak
Hainbat elkartek salatu dute konpondu gabe dagoela Gasteizko eskola baten kasua. Haur musulmanak eskolak aparte jasotzen segitu du
Berria, , 13-07-2016Jaurlaritzak erakutsiriko «isiltasuna» salatu zuten atzo agerraldi batean SOS Arrazakeria, Mugarik Gabeko Marokoarrak eta Ongi Etorri elkarteek. Adierazi zuten ikasle bati ezin zaiola eskubide unibertsal bat—hezkuntza jasotzeko eskubidea— kendu janzkerarengatik. Eta, hain zuzen ere, gogorarazi zuten neska ikasle bat bere ohiko ikasgelatik banandua izan zela ekain hasieran Gasteizko eskola batera burua zapi batez estalita eramateagatik.
«Adingabea berriro onartua izan da ikastetxeko atsedenaldietan bere ohiko janzkerarekin», azaldu zuen atzo Fede Garcia SOS Arrazakeria elkarteko bozeramaileak. Bertan gainontzeko ikasleekin normaltasun osoz aritu dela nabarmendu zuen, baina adi egon behar dela oraindik. Izan ere, haur musulmanak eskolak bakartuta jasotzen jarraitu du. Hiru elkarteen iritziz, janzkera jakin bat ezin da «elkarbizitza» arazo izan. Horregatik, pentsatzen dute erantzun azkar eta eraginkor bat eman behar dela arazoa enkistatu aurretik. Zehazki, 2016-2017 ikasturte hasierarako bazterturiko neskak bere ohiko ikasgelara itzuli behar lukeela jarri dute helburu gisa.
Alde horretatik, Jaurlaritza interpelatu dute, arazoa «lehenbailehen» konpon dezan. Horrelako kasuak errepika ez daitezen neurriak har ditzala eskatu diote Hezkuntza Sailari. Diskriminaziorik gabeko hezkuntza publiko bat dute helburu.
Integraziorako adibidea
Hiru elkarteetako bozeramaileen lekukotzak ez ezik, andre marokoar baten eta haren alabaren adierazpenak entzun ahal izan ziren. Amak Fatima du izena eta alabak Sukaina. Biek burua zapi batez estalita daramate. Arabara iritsi ziren duela urte batzuk, eta Sukainak Arabako zenbait ikastetxe publikotan ikasi du zortzi urtez. «Nire alabak ez du inoiz arazorik izan bere janzkeragatik egon den hiru ikastetxeetan» adierazi zuen amak.Gaineratu zuen irakasleak, gelako kideak eta inguruko lagunak «adeitsuak eta eskuzabalak» izan direla.
Alabak bere amak esandakoa berretsi zuen, eta esan zuen ingurukoek ulermen handia izan dutela berekiko: «Guk otoitz egiteko ohitura handia dugu, eta izan naizen ikastetxeetan ez didate trabarik jarri horretarako». Alde horretatik, harrituta daude haur hau jasaten ari den bazterkeriarekin, eta ohartarazi dute eragin negatiboa izan dezakeela ikasketetan. Dei egin diete erakundeei arazoa konpontzera.
(Puede haber caducado)