Hiru frankotiratzailek bost polizia hil dituzte tiroz, Dallasen
Poliziak hildako bi gazte beltzen aldeko manifestazioa egiten ari zirela gertatu da tiroketa. Segurtasun indarrek hiru lagun atxilotu dituzte, erasoaren egileak direlakoan. Zenbait iturrik zabaldu dutenez, lehergailuak jarri dituztela esan dio atxilotuetako batek Poliziari. Bideoa: Dallasko tiroketa.
Berria, , 08-07-2016Segurtasun indarrek Minnesotan eta Louisianan hildako bi gazteren aldeko manifestazioa egiten ari zirela, tiroketa bat izan da Texasko Dallas hirian, eta gutxienez bost polizia hil dituzte, eta beste lau zauritu, haietako bat larri. Hiru lagun atxilotu dituzte erasoaren erantzuleak direlakoan.
Tiroketa izan eta berehala atzeman dituzte ustez lehen bi erasotzaileak. Hirugarrenarekin, ordea, 45 minutuz aritu dira negoziatzen. Tarte horietan ustezko ekintzaileak ohartarazi die “laster” amaituko dela guztia eta “biktima gehiago” izango direla, lehergailuak jarri dituztelako inguruetan.
Erasoa aurretik prestatu zutela uste dute segurtasun indarrek. “Oso ondo prestatuta zeukaten guztia. Agian ez zuten unea hau izan zitekeenik aurreikusi, eta agian ezta tokia ere, baina bai eurak. Manifestazioak aukera eman die aurretiaz pentsatutako plana aurrera eramateko”, adierazi du agente batek.
Castile eta Sterling
Poliziaren aurkako kritikak eta salaketak gogortu egin dira azken aldian. Giroa nabarmen okertu da aste honetan, segurtasuna indarrek Philando Castile eta Alton Sterling tiroz hil ostean. Herenegun hil zuen Poliziak Castile. Gaztea errepide kontrol batean gelditu zuten, eta hura gida baimena ateratzen hasi zenean poliziak tiro egin zion. Haren neskalagunak salatu duenez, tiro egin zuen poliziaren kideek entzungor egin zieten anbulantziari deitzeko eskaerei, eta horren ordez tiro egin zuen polizia kontsolatzen aritu ziren, beranduegi izan zen arte.
Sterling, berriz, joan den asteartean hil zuten, Louisianan, ibilgailuko argi bat apurtuta zuelako atxilotu ondoren. Gerora zabaldutako bideak ikus daitekeenez bi poliziak lurrera bota zuten gaztea eta geldiarazita zutela, haietako batek oihu egin zuen esanez pistola bat ateratzera zihoala, une horretan beste poliziak tiro egin zion.
AEBetako presidenteak ere gaitzetsi egin ditu azken egunotako hilketak, eta ohartarazi du “kezkagarria” dela AEBetako afrikarren aurkako indarkeria. Barack Obama Espainian da egunotan, bisita ofizialean, baina litekeena da bidaia aldez aurretik amaitu behar izatea.
(Puede haber caducado)