'Brexit'-a eta giza eskubideak

Berria, Jon Mirena Landa - Zigor Zuzenbideko, katedraduna, 05-07-2016

Britainia Handia ez da Europatik atera. Eta ez naiz ari Europako Batasunetik benetako irteera gertatu arte falta den denbora-epeaz. Ikusteko dago, gainera, EBtik ateratzeko bidean benetan lotura noraino mozten den edo noraino Britainia Handia gauza den, hitzarmen berrien bitartez, harreman-estatus antzekoa negoziatu eta mantentzeko. Alegia, agian «dena aldatu ezer alda ez dadin» oraindik ere gauza daiteke, munduko diplomaziarik pragmatiko eta boteretsuenetarikoaren eskutik.

Europako Batasuna alde batera utzita, egun dugun Europako erakundetze-prozesuaren hastapenak eta oinarriak bigarren guda mundiala izan eta gero ezarri ziren. Europa guztiz odolustuta, suntsituta, lur jota zegoen: guda erabatekoaren ondorio ezin dramatikoagoaren zurrunbiloan harrapaturik. Eta ez bakarrik naziek egindako sarraski, guda-krimenak, holokausto eta genozidioa modu argiagoan ezagutzen hasi zirelako, baizik eta haratago milioika pertsona ere hilda edo zaurituta zeudelako; lekuz aldatzera behartuak izan zirelako, mendekuetatik iheska, goseturik, etxe gabe. Gudaren bukaeran herriak, hiriak, nonahi, goitik behera bonbardatu ondoren, ez ziren hondamendi-lekuak baino, industria, zerbitzu zein azpiegitura publikoak eta landak, dena, kolapso-egoera tamalgarrian murgildurik.

Amets gaizto horren aurrean, aldi hobeago baten esperoan, Europako Estatu Batuen ideia nork eta Churchillek berak Suitzan emandako hitzaldi batean bota zuen, hain zuzen Zurichen 1946ko irailaren 19an. Europa berri bat amesten hasiak, erakunde ezberdinak sortzen hasi ziren, baina agian garrantzitsuena Europako Kontseilua izan zen. 1948. urteko maiatzean, Hagan, hogei herrialde inguru bildu ziren Europa bateratuaren gaineko aukerak aztertu nahian. Izan ere, batetik ekonomia suntsituta, eta bestetik nazio-estatuen gainbehera ikusgai, Europa federal baten irtenbide eta ereduak ematen baitzuen guden alderako segurtasuna ere ekarri ahal izango zuela. Biltzar horretatik hainbat erakundetze-prozesu desberdin sustatu ziren, hirutara laburbildu daitezkeenak: bai ekonomian, bai defentsan, bai eta giza eskubideen alorrean ere.

Ekonomiari dagokionez, aipatu 1948ko biltzarretik atera ziren akordioen artean, lan-ildoak landatuak ziren, denbora aurrera joan ahala, Europako Ekonomia Erkidegoak sortzen laguntzeko, egun dugun Europako Batasunera heldu arte. Beste aldetik, defentsa bateratua sortzeko ahaleginak egon ziren Europa barruan: 1948. urtean Mendebaldeko Europar Batasuna (EBrekin formalki zerikusia ez zuena) sortu zen esparru horretan defentsa-elkarlana bultzatzeko, NATOren bertsio europar paralelo gisa, harik eta 2011n erakunde hura desagertu arte. Eta azkenik 1949an, Londreseko Itunaren bitartez, Europako Kontseilua bera sortu zen, Europako batasuna eta idealak bultzatzeko xedez. Europako Kontseiluaren lorpenik handiena, duda barik, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena egitea izan zen, 1950. urtean Erroman izenpetu ondoren (horregatik Erromako Ituna ere deitua), 1953. urtean indarrean sartu zelarik.

Europako ideia hasiera-hasieratik modu konplexuan eraikitzen hasi zen: konplizitateak eta batzeko ahaleginak etorri ziren metaketaren bitartez, erakunde ugariren bitartez, herrialdeen hurbilketa asimetriko eta progresiboen bitartez. Eta horietan guztietan Britainia Handia ere bazegoen.

Horregatik ekonomiak, defentsak eta giza eskubideek, harrezkeroztik, bakoitzak bere ibilbide instituzionala egin dute. Eta horregatik, era berean, brexit-a bere testuinguru konplexu eta zabalean kokatu beharra dago, ahaztu gabe EB bateratze-prozesuetako bat besterik ez dela, garrantzitsua duda gabe, baina ez bakarra.

Giza eskubideei dagokienez, Europako Batasuna baino funtsezkoagoa Europako Kontseilua da. Eta aipatu Kontseiluan nabarmendu beharra dago bilakaera inoiz inor gutxik espero ez zezakeen neurrikoa izan dela. Hasiera batean pentsaezina izan zatekeen Giza Eskubideen Europako Auzitegi baten aurrean hiritarrek, beraiek, zuzen-zuzenean demanda bat tartekatu ahal izango zutela, hasiera batean Estrasburgora jo ahal zuen bakarra Estatua baitzen. Era berean, gaur egun Estrasburgok biktimari arrazoia emateaz gain, kalte-ordaina ematera behartu ahal ditu Estatuak, eta muturreko zenbait kasutan hiritar bat espetxetik ateratzera behartu ere bai. Horra hor denok gogoratuko dugun Parot doktrinaren kasuan, Estrasburgoko Auzitegiak hainbat preso kaleratzera behartu zituenean. Giza eskubideen Europako sistema, hortaz, munduan dagoen gorena, efikazena, estandarrik altuena eskaintzen duena bilakatu da, eta hori Europa batzearen nahiaren ondorioa dugu. Eta hortik, ordea, Britainia Handia ez da atera.

Britainia Handiak Europako Kontseiluan jarraitzen du, baina askotan zalantzatan dago horren barruan egoteari eutsi behar ote dion. Paradoxikoa ematen badu ere, abokatu britainiarrek idatzi zuten Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak askotan polemika sutsuak eragin ditu Britainia Handiko iritzi publikoan. Agian polemikarik nabarmenetarikoak presoen eskubideen ingurukoak izaten ari dira, hala nola Estrasburgok gaitzetsi zuenean presoek botoa emateko duten debekua edota behin betiko espetxe-zigorraren lege-arauketa gogorregia dela ebatzi duenean. Gainera, Estrasburgok erabaki bat hartzen duenean ea automatikoki bete beharra dagoen Britainia Handian, 1998ko urtean Giza Eskubideen Lege bat onartu baitzuten, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia oso modu hertsian lotesle eginez. Edozelan ere, Britainia Handiak Estrasburgoko Auzitegiarekiko dituen tentsioak badira beste Europako herrialdeek ere aldiro pairatzen dituztenen antzekoak.

Esparru ekonomikotik atera bai; Giza Eskubideen bide komun eta sendoenetik, ordea, ez. Britainia Handiak oraindik ere, hortaz, hainbat eta hainbat lotura mantentzen ditu Europagintza konplexuarekin. Areago: Giza Eskubideen alorrean, Estrasburgoko auzitegiarekin betetzeko eredurik sendoenetarikoa eduki badu. Brexit-a Europako harreman-sareko arazo sektoriala besterik ez da: ez dezagun ikuspegi zabala gal eta saia gaitezen eraikitzaile pentsatzen, arazoa handitu nahi ez izatekotan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)