'BREXIT'-AREN ONDORIOAK. ERRESUMA BATUA
Faragek UKIPen buruzagitza utzi du, 'brexit'-arekin gogobete dela erranda
«Politikan nuen helburua zen Britainia Europako Batasunetik ateratzea», adierazi du Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiko buruzagiak. 'Tory'-en ondorengotzarako lehen bozketa, gaur
Berria, , 05-07-2016Boris Johnsonen ondoren, brexit-aren aldeko kanpainako bertze lider nagusiak ere politikaren lehenbiziko lerroa utziko du, Nigel Faragek dimisioa eman baitu UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiko buruzagitzatik. «Ez naiz inoiz izan politikan karrera egin nahi duen norbait, eta ez naiz izanen ere», erran du Faragek, hamazazpi urte egin ondotik europarlamentari gisa, horietako bederatzi UKIPen buruzagitzan. «Politikan nuen helburua zen Britainia Europako Batasunetik ateratzea. Erreferendumaren kanpainan erran nuen: ‘Nire herrialdea berreskuratu nahi dut’. Gaur ari naiz erraten: ‘Nire bizitza berreskuratu nahi dut’. Eta oraintxe bertan hasiko naiz horretan». Urtebetean bigarren aldiz eman du dimisioa Faragek; iaz, hauteskunde orokorren ondotik utzi zuen kargua alderdiaren esku, baina buruzagitzan mantentzea erabaki zuten kideek. Erresuma Batuak EB utzi arte europarlamentari izaten jarraitzeko asmoa du Faragek, eta erran du 2020ko hauteskunde orokorretarako kanpainan parte hartuko duela, «lortu nahi» dutena lortzen ez badute.
Brexit-aren ondoren, zurrunbilo betean murgilduta daude Erresuma Batuko alderdi nagusiak. Bi alderdi historikoetan irekita dago boterea lortzeko barne lehia. Alderdi Kontserbadorean David Cameronen ondorengotza hartzeko bortz hautagai daude, eta gaur parlamentari tory-ek bozketa eginen dute: boto gutxien jasoko duena lehiatik kanporatuko dute, eta ortzegunean berriz bozkatu dute lau hautagairekin. Alderdi Laboristaren kasuan, berriz, Angela Eagle diputatuak erran du Jeremy Corbyn buruzagiak kargua utzi ezean hari aurre egiteko hautagaitza aurkeztuko duela. Baina Corbynek hitzeman du ez duela etsiko alderdiko jarraitzaileentzako egindako bideo batean.
«Aukera bikainak dauzkagu Alderdi Laboristaren nahaste-borraste horretatik onurak lortzeko», adierazi du Paul Nuttall UKIPeko diputatuak. «Laboristek jada ez dute ordezkatzen langile klasea lehen ordezkatzen zuten moduan. Eta, gainera, Alderdi Kontserbadoreak ez badu brexit-aren aldeko hautagai bat aukeratzen eta negoziazioetan gibelera egiten hasten bada, aukera dugu haien eremuan ere aitzinera egiteko. Etorkizun oparoa du gure alderdiak».
Farage, UKIPen arima
Erresuma Batuko hedabideen arabera, Farageren ondorengotza hartzeko hautagaietako bat Nuttall da. Faragek berak ez du deus aipatu nahi izan ondorengotzaren inguruan, eta erran du UKIPek udazkenean alderdiko konferentzia egin aitzinetik izanen duela bertze buruzagi bat.
Farageren dimisioak oihartzun zabala izan du nazioartean, azken hamarkadan Erresuma Batuko euroeszeptikoen artean pertsona ezagunena izan baita. Alderdi Kontserbadorea utzi, eta UKIPen sortzaileetako bat izan zen 1993an, Erresuma Batuak Maastrichteko ituna sinatu ondoren. Politikari bihurtu aitzinetik, burtsako broker-a zen Londresko Cityn. 2006an hartu zuen UKIPen buruzagitza lehenbizikoz, eta 2009an utzi ondoren, 2010ean berreskuratu zuen. Haren lidergoan hazi da alderdia, Erresuma Batuko eta, bereziki, Ingalaterrako politika modu nabarmenean aldatu duen eragile bihurtzeraino. Alderdia sortzeko arrazoia izan zen Erresuma Batua EBtik ateratzeko helburua, eta Farageren lidergopean xede hori diskurtso xenofoboarekin uztartu du. Botoetan, 2014-2015ean lortu du goreneko langa —bigarren indarra %27rekin Europako hauteskundeetan, eta hirugarren %12rekin Westminsterren—.
Kontserbadoreen lehian, Theresa May Barne ministroak jasoko luke gaur diputatu gehienen babesa, BBCren arabera. Hautagai tory-ek EBko herritarren estatusa izan dute barne kanpainako azken eztabaidagai nagusia, Mayk herenegun ITV telebistan egindako adierazpen batzuengatik. Barne ministroak adierazi zuen Erresuma Batuan bizi diren EBko herritarrek bertan bizitzen jarraitu ahal izatea Bruselarekin egindako negoziazioaren arabera erabakiko dela, eta EBn bizi diren Erresuma Batuko herritarren egoerari lotuta egonen dela. Hautagaiak banatu ditu horrek, batzuek kritikatu egin baitute herritar horiei bermeak ez ematea, eta bertze batzuek, berriz, Mayren antzeko iritzia agertu dute.
George Osborne Ekonomia ministroaren adierazpenek ere sortu dute zalaparta. Osbornek adierazi du aztertzen ari direla enpresei ezarritako %20ko zerga jaistea, brexit-aren ondoren Erresuma Batua «erakargarri» mantentzeko. John McDonnell laboristen ekonomia arduradunak leporatu dio Erresuma Batua «paradisu fiskal» bihurtu nahi izatea.
(Puede haber caducado)