Euskal Herria eta Tesalonika loturik errefuxiatuen alde
'Ongi etorri errefuxiatuak' plataforma 'Greziarako karabana: Mugak zabalduz' ekimena bultzatzen ari da Europar Batasuneko migrazio politikak salatzeko. Parte-hartzeko epea astelehenean amaituko da
El Correo, , 02-07-2016Milaka errefuxiatu Grezian zehar sakabanatutako kanpamentuetan pilatzen diren bitartean, Europar Batasuneko gobernuek, Ginebrako Ituna bete beharrean, migrazio politikak gogortu eta hesiak eraiki dituzte, diru publikoa mugen kontrolerako bideratu dute eta Turkiarekin lotsatzeko akordioa ere sinatu dute. Hedabideetan agertutako Aylanen gorpuaren irudiek kontzientziak astindu arren, Europako herrialdeak ez dira bere hitza betetzen ari eta, denbora aurrera joan ahala, egoera okerragotu egiten da. Horregatik, ‘Ongi etorri errefuxiatuak’ plataforma Euskal Herritik Tesalonikara uztailaren 15ean abiatuko den autobusen karabana bultzatzen ari da. «Udak egoera larri hau ahaztarazteko arriskua dakar; hortaz, erantzuteko unea dela uste dugu. Bestela, giza – eskubideak hausten jarraituko dute», azpimarratzen du Anabel Sanzek, herritar plataformaren kide batek.
Hartu diren erabakiak salatu ez ezik, karabanak austeritate – politikengatik gogor kaltetuta egon arren harrera adibide den Greziako herriari elkartasuna ere adieraztea du helburu. «Neska eta emakumeek migrazio prozesuan jasaten duten biolentzia sexuala mahaigaineratzea erabat garrantzitsua ere bada. Izan ere, Europolek argitaratutako txosten batek 10.000 ume inguru desagertu direla salerosketa eta organo – trafiko xedearekin ohartarazten du. Horregatik, gobernuek indarrean dauden itunak eta hartutako konpromisuak betetzea derrigorrezkoa da. Azken finean, gertatzen ari dena haiek sustatutako gerren ondorioa da, etekinak lortzen baitituzte», salatzen du Sanzek, ekimenari gehitzeko deialdia egiten duenak.
‘Greziarako karabana: mugak zabalduz’ ekimenak estatuko beste hainbat erakunde, elkarte eta talderekin indarrak batuko ditu Greziarako bidaia elkarrekin egiteko. Hortaz, uztailaren 16an Vitoria – Gasteiz, Nafarroa, Salamanca, Madril, Cáceres, Sevilla, Valentzia, Málaga, Zaragoza, Murcia eta Logroñotik irtengo diren autobusak Bartzelonan elkartuko dira. Bertan, erakunde publiko eta herri – mugimenduen ordezkariek ongietorria emango diote karabanari, ekintzaren aldarrikapenei laguntza eskaintzeko. Hurrengo egunean, hots, 16an, autobusak Milanera abiatuko dira, non harrera ere jasoko duten. Azkenik, karabana ferry – z porturatuko da Greziara, Ancona – Patras ibilbidea eginez, hain zuzen ere, eta hortik, helmugara helduko da, Tesalonikara. Izan ere, No Border nazioarteko ekimenaren elkargunea izango da hiriko unibertsitatea uztailaren 15etik 24ra.
Jaialdia Areatzako parkean
Karabanan izena emateko epea datorren astelehenean amaituko da; halere, ez da izango ekimenarekiko elkartasuna adierazteko modu bakarra. Bidaia osoan parte hartu ezin dutenak Bartzelonara joan daitezke, baita toki bat ordaindu ere bidaiatu ez arren; horrela, ekonomikoki lagunduko da edota ekonomi – baliabiderik ez dutenei joateko aukera emango zaie. Aldi berean, ‘Ongi etorri errefuxiatuak’ plataformak, karabanaren ibilbidearekin bat eginez, zenbait ekintza antolatuko ditu hemen. «Ez da azkenengo ekintza izango. Tesalonikara joango garen pertsonak – unibertsitateko irakasleak, sindikatuen ordezkariak, elkarte feministen kideak, Reas sareko presidentea eta Herrien Auzitegi Iraunkorraren kidea bat besteak beste – errefuxiatu eta migratzaileen alde borrokatzeko motibazioarekin bueltatuko gara. Beraz, plataforma eta herri – mugimendua indartuko dugu; ondorioz, gobernuenganako presioa ere bai. Karabanak estrategia berriak asmatu ez ezik, estatu eta nazioarteko sarea ere sortuko du», adierazten du elkarteko kideak, errefuxiatu eta migratzaileen arteko arteko ezberdintasunik ez dagoela gogorarazten duen bitartean.
Gaur errefuxiatu eta migratzaileen aldeko jaialdia egongo da Areatzako parkean. Goizeko hamaiketatik aurrera Arratiko trikitilariek eta Bitxo do Santa Batukadak kalejira egingo dute. Gainera, txalaparta, pintura eta formakuntza tailerrak antolatuko dira: asilo – eskubidea edo EB eta Turkiaren arteko akordioari buruz. Kontu kontalariak, erakusketak eta txikigune bat ere egongo dira. Ordu batean txalaparta erakustaldiaren eta bertso saioaren txanda izango da. Iluntzean izango da jardunaldiko ekitaldi nagusia helduko da: Amaia Zubiria, La Basu, Ether de Lua eta Doctor Deseoren kontzertuak besteak beste.
(Puede haber caducado)