Eraso xenofoboak areagotu egin dira 'brexit'-ak irabazi ondotik

EBtik irtetearen aldeko kanpaina oldarkorrak Erresuma Batuko sustrai arrazistak astindu ditu. NBEk Londresi eskatu dio erasoak ikertzeko

Berria, , 01-07-2016

EBtik ateratzeko erabakiak Erresuma Batuko gizartean pilatutako xenofobia askatu du, eta etorkinen komunitateen aurkako erasoak areagotu egin dira. Gobernuak dagoeneko iragarri du plan bat ekintza horiek galarazteko. EBko herritartasuna duten 3,3 milioi atzerritar daude egun Erresuma Batuan.

Poloniarrak dira Erresuma Batura iritsitako etorkin asko; hain zuzen ere, jopuntuan hartu duten komunitateetako bat. «EB uzten dugu. Bukatu da poloniarren plaga», idatziriko afixak bota dituzte poloniarren presentzia handia den herrietan, Huntingdonen esaterako, Ingalaterra erdialdean. Londresko Poloniar Kultura Etxean ere mezu arrazistak margotu dituzte paretetan.

Baina poloniarrak ez dira xenofoboen helburu bakarra. Erresuma Batuko Kontseilu Musulmanak salatu du azken egunetan ehun bat «gorroto eraso» sufritu dituela komunitate musulmanak, eta Theresa May Barne ministroari eskatu dio etorkinen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzeko. Poliziak Londres iparraldean pertsona bat atxilotu du, sare sozialetan gorrotoa sustatu duela leporatuta.

Sayeeda Warsi Alderdi Kontserbadoreko zuzendaritzako kide ohiak elkarteekin eta komunitateetako ordezkariekin hitz egin du azken egunetan. «Jende asko geldiarazi dute kalean esateko brexit-ak irabazi duela-eta herrialdetik alde egin behar dutela», adierazi du Sky News telebistan.

Kanpainaren ondorioak

NBEko Giza Eskubideen mandatariak kargu hartu dio Londresi, eta eskatu dio eraso arrazisten egileak auzipetzeko. David Cameron lehen ministroak eraso horiek guztiak gaitzetsi ditu, eta iragarri du plan bat abiatuko duela gobernuak ekintza xenofoboen aurka, nahiz eta xehetasunik ez dituen eman.

Adituek brexit-aren aldeko kanpainari egotzi diote herrialdeko sustrai arrazistak astintzea, EBtik ateratzeko argumentuek ikuspegi xenofoboak indartu dituztela argudiatuta. Etorkinen kopurua ez da berehalakoan jaitsiko Erresuma Batuan, eta ohartarazi dute horrek eraso arrazista gehiago eragin ditzakeela. Boris Johnson Londresko alkate ohia eta Nigel Farage UKIP alderdiko buruzagia izan dira Leave ?irten? kanpainaren bultzatzaile nabarmenenak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)