Melillan
Berria, , 30-06-2016Melillan izan da abstentziorik handiena hauteskunde orokorretan; hiriburu autonomoko populazioaren erdiak baino ez zuen parte hartu eta jokoan zegoen kongresurako eserleku bakarra PPk irabazi. XIX. mendearen akaberan bereganatu zuen aipatu hiria erreinu espainiarrak eta enfrentamendu ugari izan da harrezkero bertakoen eta kolonoen artean. Gaur egun biztanleen %56 katolikoak dira, %41 musulmanak eta osterantzeko gutxiengoa juduek (penintsulatik kanporatutako sefardien ondorengoek), hinduek eta txinatarrek (azken urteotan lanerako bertaratuek) osatzen dute. Saharaz azpiko emigranteentzat Europarako sarbide da Melilla.
1998an, Aznarren agindupean, ekin zioten Afrikar®ekiko muga-hesia altxatzeari: 12 kilometro luze eta 6 metro altu dituzten langa paralelo bi, alanbre arantzadunez inguratuak; bijilantzia postuak intentsitate handiko foku eta bideo kamerekin tartekatuta; nola zarata eta mugimenduak detektatzen dituzten sentsore elektronikoak lurpean. 2005ean kutxila zorrotzez estali zuten alanbrea, baina hainbat kolektiboren salaketak zirela medio, kendu egin behar izan zituen artean gobernuburu zen Rodriguez Zapaterok. Bigunak zer dira ba esku ahurretako azal-mamiak, folio baten ertzarekin zauritzeko modukoak. 2013an burdinazko kutxilak berrezartzea deliberatu zuen Rajoyren barne ministerioak.
Iragan domeka goizean goiz, lehen boto emaileak euren sobretxoak hautetsontzietan sartzen ziharduten bitartean, 120 etorkin Melillako hesia eskalatzen ari ziren atzamarrekin bina gantxori oratuta. 37k lortu zuten muga zeharkatzea.
Hain harrigarria ere ez da izango agian eskumaren gorakada, etxeko balkoian bijilantzia postua edo felpudoaren azpian sentsore elektronikoak ipintzea baino xamurragoa baita askorentzat (demokratikoagoa, anonimoagoa, merkeagoa…) PPri botoa ematea, eskuak zikindu barik.
(Puede haber caducado)