65 milioi iheslari zeuden 2015 amaieran, UNHCR-en arabera
Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da gaur. Iheslarientzako Nazio Batuen Erakundeko Agentziak jakinarazi duenez, Turkiara, Pakistanera, Libanora, Iranera eta Etiopiara joan ziren iaz iheslari gehien. Errefuxiatuen erdiak (%51) adingabeak dira.
Berria, , 20-06-2016heslarien inguruko urteroko txostena argitaratu du UNHCRk, eta iazko datuen berri eman du. Nabarmendu duenez, Siriatik ihes egindakoak dira gehienak: 4,9 milioi lagun joan dira bertatik, eta 2,7 milioi Afganistandik. Somaliatik, berriz, 1,1 milioi pertsonak egin dute ihes.
Aldiz, Turkia da iheslari gehien jaso dituen herrialdea, kopuru absolutuetan: 2,5 milioi. Pakistanera 1,6 milioi pertsona joan ziren iaz, eta Libanora 1,1 milioi. Biztanleriaren batez bestekoa aintzat hartuta, ordea, Libano da gehien jaso dituena; 1.000 biztanleko 183.
Estatu baten barneko lekualdatzeei dagokienez, Kolonbia (6,9 milioi), Siria (6,6 milioi) eta Irak (4,4 milioi) dira iheslari kopuru handienak dituzten herrialdeak. Epe luzerako desplazamenduak dira gehienak Kolonbian: “Iheslarietako gutxi itzuli ziren beren bizilekuetara, eta gobernuak 113.700 desplazatu gehiagoren berri eman zuen”.
Herrialde hartzaileen garapen mailari ere erreparatu dio NBEren agentziak: iazko datuen arabera, garapen bidean dauden herrialdeek 14 milioi pertsona hartu zituzten; estatu garatuenek, ordea, 2,2 milioi.
Horrez gain, 2015ean inoiz baino asilo eskaera gehiago izan zituzten herrialde industrializatuek: bi milioi eskaera. Erantzun baten zain dauden eskaerak 3,2 milioi dira orain. Alemanian aurkeztu zituzten asilo eskari gehien (441.000), eta Ameriketako Estatu Batuetan ondoren (172.000).
(Puede haber caducado)