Cartas a la Dirección
Eskola publikoari bai, ghettorik ez
Diario de noticias de Gipuzkoa, , 18-06-2016Denok ditugu eskubideak eta betebeharrak. Eskubide horietako bat hezkuntza da; mundu guztiak eduki beharko luke ikasteko eskubidea, eta horregatik, publikoa beharko luke izan. Hala ere, hezkuntza pribatua beste aukera bat da, hori norberak erabakiko du. Baina ez dugu ahaztu behar pribatu horiek ez direla benetan pribatuak, Eusko Jaurlaritzarekin hitzartuak baizik; beraz, guztion diruaz finantzatzen dira.
Hau guztia argitu nahi genuke gure aldarrikapena egin aurretik. Izan ere, kurtso erdian iristen diren immigranteak eskolaratzeko garaian egiten den banaketa ez da batere orekatua. Hirukide eta Laskorain (itunpeko ikastetxeak) aurreikusita daude 0 – 18 urte bitartekoak bezala, Samaniego 0 – 12 urte bitartekoak bezala, eta Orixe 12 – 18 urte bitartekoak bezala. Beraz, banaketa hau dela eta, eskola publikoaren kopurua bikoitza litzateke, bi ikastetxe desberdin bezala hartzen direlako. Gauza da, ikasturte honetan bakarrik, Tolosako eskola publikoak 12 ikasle jaso dituela ikasturtean zehar. Azken ikasturte hauetan kopuruak altuak izan dira, hau argi islatzen da gure ikastetxeetako Hizkuntza Indartzeko Programan (HIPI), 22 ikasle ditugu – eta bertan. Hainbeste ikasle hartu al dituzte itunpeko bi ikastetxeek ere?
Hezkuntza Sailaren dokumentuek diotenez, “funts publikoekin ordaindutako ikastetxe guztiek ikasle hauek eskolatzeko betebeharra dute, 35/2008 Dekretuak, ikasleak onartzeko prozedura zehazten duenak, 20. artikuluan jasotakoari jarraiki eta funts publikoekin ordaindutako ikastetxe guztien (publikoen eta itunpekoen) arteko oreka” bermatu behar da. Hau ez bermatzeak ghettoak eratzea ekarriko luke, Gasteizen gertatzen ari den bezala.
Ikasle hauen eskolatze prozesuan ondokoa ere bermatu behar dela esaten du Hezkuntza Sailak: “Baldintzak zehaztea eta baliabideak proposatzea ikasle hauek jasoko duten arreta egokia izan dadin”. Hori ez da benetan gertatzen dena: gutxitan iristen da itzultzailea edo laguntza irakaslea ikasle horiek guztiak artatzera. Gure seme – alaben eskubideak ere bermatuta gera daitezela nahi dugu, denok baitakigu zer aldaketak suposatzen dituzten bat – bateko eskolatze horiek.
Honekin guztiarekin eskatu nahi duguna da Hezkuntza Sailak datuak benetan aztertzea eta gure aldarrikapena kontuan izatea, ikasle etorkinen eskolatzea orekatua izan dadin ikastetxe guztien artean.
(Puede haber caducado)