Diputatu laborista bat tiroz hil du gizon batek, Ingalaterra iparraldean
Lekukoek diote erasotzaileak Britain First alderdi eskuindarraren izena oihukatu duela. 'Brexit'-en kanpaina eten egin zuten atzoko egunezº
Berria, , 17-06-2016Jo Cox diputatu laborista hil du gizon batek Birstallen, Ingalaterra iparraldean, labankadaz eraso eta tiro egin ostean. «Tokiko gertaera bat izan da, baina ondorio zabalak izango ditu», aitortu du Poliziak. Notizia jakin bezain pronto, brexit-aren kanpaina bertan behera uztea erabaki zuten, atzoko egunez soilik. «Oraindik ez dago argi zein izan daitekeen erasoaren arrazoia», zioen Dee Collins Yorkshire Mendebaldeko polizia buruak arratsean emandako prentsaurrekoan. Poliziak ustezko erasotzailea atxilotu zuen, Tommy Mair 53 urteko gizona, eta hainbat arma aurkitu zituen erasoa gertatu zen lekuan; tartean, pistola bat.
Mairrek beste gizon bat ere zauritu zuen erasoan, 77 urtekoa. Poliziak azaldu du Cox liburutegi batetik atera berri zela, mitin bat eman ondoren, eta erasotzailea berarengana hurbildu zela sesioan. Han zeuden lekukoek The Guardian-i kontatutakoaren arabera, Coxi bultzaka eta iletik tiraka hasi zitzaion Mair, eta gizon bat hurbildu zen liskarra gelditu nahian. Erasotzaileak orduan labana atera, eta eraso egin zien Coxi eta gizonari. Ondoren, pistolarekin egin zien tiro. Ospitalean hil zen Cox, 41 urteko diputatu laborista eta europazalea.
Collinsek baieztatu egin du hainbat lekukok entzundakoa. Polizia buruak argitu du Britain First (Britainia lehendabizi) eskumuturreko alderdiaren izena oihukatu zuela Mairrek tiro egin aurretik. Britain First alderdiak, ordea, segituan atera zuen agiria, gertatutako ezbeharretik urruntzeko. «Hedabideak etsi-etsian ari dira Britain First Jo Cox diputatu laboristaren aurkako tiroketarekin lotzeko, zurrumurruetan eta baieztatu gabeko iturrietan oinarrituta», zioen dokumentuak. «Britain First , jakina, ez dago nahasita, eta ez luke sekula gisa horretako jarrerarik akuilatuko», defendatu zen eskuin muturreko alderdia.
Doluminak bata bestearen atzetik etorri ziren; asko eta asko sare sozialen bidez. «Coxen heriotza tragedia da. Diputatu konprometitua eta solidarioa zen», adierazi zuen David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak. «Guztiz traumatikoa eta zorigaiztokoa da albistea. Guztiok mutu utzi gaitu», idatzi zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak. Gordon Brown lehen ministro ohi laborista herritarren «bihotz hautsiez» mintzatu zen: «Jendeak esango du hau ez dela gertatzen Britainian. Hau ez litzateke gertatu behar Britainian. Konpondu egin behar dugu hau ez dadin berriz gertatu Britainian».
Gibraltartik, buelta
Atzoko egunez, brexit-aren kanpaina bertan behera utzi ez ezik
—gaur berriz abiatu da—, Cameronek Erresuma Batura bueltatzeko erabakia hartu zuen. Lehen ministroa Gibraltarren aurkitzen zen, Erresuma Batuak Europako Batasunean jarraitzearen aldeko kanpainan murgilduta. Bi ordu egin zituen Gibraltarren Cameronek, baina denbora tarte labur hori baliatu zuen Fabian Picardo Gibraltarko ministro nagusiarekin, Joseph Garcia ministrorde nagusiarekin eta Gibraltar Stronger in Europe (Gibraltar sendoagoa Europan) mugimenduko ordezkariekin biltzeko. 1968. urtetik, Erresuma Batuko gobernu buru batek ez zuen bisitatzen Gibraltar.
(Puede haber caducado)