«Beldurrak ez zigun uzten lorik egiten»
Bilbon bizi diren bi errefuxiatu ukraniar dira Vasil Pantxenko eta Irina Nakonexna. Bost urteko semea dute. Krimeako gerrari ihesi jo zuten erbestera. Bizitza arriskuan ikusten zutelako hartu zuten erabaki hori.
Berria, , 17-06-2016Uler ezazue, zure bizitza eta zure familiarena arriskuan daudenean, gauza bakarra egin dezakezu: egoera horretatik ihes egin, eta lasai bizi zaitezkeen leku bat aurkitu». Bere etorrera gaitzesten dutenei mezu argia bidali die Vasil Pantxenkok. Hain zuzen, hori egin zuten Irina Nakonexnak eta biek. Ukraniarrak dira, Kherson izeneko herri batekoak. 25 eta 24 urte dituzte, hurrenez hurren. Bikote dira eta bost urteko semetxoa dute: Mixa. «Gure etxeko poza da». Gaur egun Bilbon bizi dira hirurak. «Hiruzpalau hilabete daramatzagu hirian», azaldu du Nakonexnak. Atzo CEAR-Euskadik Bilbon egin zuen agerraldian egon ziren, euren testigantza ezagutarazteko eta elkarteak emandako «datuen atzean pertsonak eta benetako sufrimendua» dagoela erakusteko.
Bi gazteen hiria Krimeatik gertu dago. «Ezagun egiten zaizue, ezta? Errusiak eta Ukrainak eurentzat nahi duten lurraldea da, Ukraina hegoaldean», azaldu du Pantxenkok. Duela bi urte sortu zen gatazka, Ukrainak Europako Batasunera gerturatzeko imintzioa egin zuenean. Iaz gatazka ezinago krudel bihurtu zela kontatu dute bi errefuxiatuek. Azaldu dutenez, bi aldeetako indar militarrak borrokan hasi zirenetik, sorterrian bizitzea ez zen segurua eurentzat. Ordura arte, bizimodu «zoriontsua» zuten biek. «Nire adineko beste edozein mutil bezala bizi nintzen», gogoratu du Pantxenkok.
Oinarrizko ikasketak bukatutakoan beharrean hasi zen. Lehenengo tren geltoki bateko begirale izan zen. Gero sukaldaritza ikasi zuen. «Chef izan nahi nuen, eta, bolada batez, jatetxe batean ibili nintzen beharrean». Garai hartan ezagutu zuen Nakonexna. Hura ere lanean zebilen, diseinu ikasketak bukatu berritan. «Maitemindu egin ginen», azaldu dute.
Gatazka armatua gogortu ahala, euren egoerak ere okerrera egin zuen. Izan ere, bikotea «unionista» da; hau da, Ukrainaren batasunaren aldekoa. «Gure etxetik gertu bazegoen astialdi gune bat, eta Errusiaren aldekoak han elkartzen ziren sarritan. Arriskutsua zen guretzat», gogoratu du Pantxenkok.
Nakonexnari, berriz, zer pentsatua eman zion semeak behin kontatutakoak. «Esan zidan eskolan ikasi eta jolastu ordez, bonbardaketa uneetan zer egin behar duten, zer ez, zelan eta non babestu behar duten azaltzen zietela». Ez zitzaion iruditu «semea hazteko eta hezteko girorik onena». Gauetan eztandak eta hegazkinak entzuten zituzten: «Beldurrak ez zigun uzten lorik egiten». «Kherson gerra kokaleku estrategikoa da. Krimeari ura, argindarra eta jakiak hornitzen dizkio. Uhartera lehorretik joateko bide bakarra ere bada. Eta, gertu, elektrizitatea sortzeko urtegi bat dago. Inoiz lehertuko balitz, gure hiria urpean geratuko litzateke. Ezin ginen han geratu», azaldu du egoera Pantxenkok. Dena den, Nakonexnak aitortu du beste kontu batek bultzatu zituela erabakia hartzera: Pantxenkori Ukrainako armadan izena emateko gutunak iristen hasi zitzaizkionean «asko kezkatu» ziren.
Ahizparenera
«Etxera mezu bat bidaltzen dizute. Posta zerbitzuaren jakinarazpen bat izaten da. Berez, ez dakizu zerena. Baina bagenekien beste askok jasoa zutela». Pantxenkok azaldu duenez, bulegora joan eta gutuna hartuz gero, «ez dago beste irtenbiderik». Armadara joan behar izaten dute, ezinbestean. «Nire inguruko beste mutil batzuei ere gertatu zitzaien. Horregatik ez hartzea erabaki nuen. Ez nuen gerran parte hartu nahi. Ez dut nire bizitza eman nahi, ez dut inor hil nahi, eta, are gutxiago, arrazoi politikoengatik».
Nakonexnaren ahizpa Euskal Herrian bizi da. Skypez egiten zuten berba harekin. «Gurekin kezkatuta zegoen. Hona etortzeko esaten zigun, behin eta berriz». Dirua bildu zuen, baina Nakonexna eta haren semea Euskal Herriratzeko baino ez zitzaien iritsi. Pantxenkok Ukrainan geratu behar izan zuen. «Oso gogorra izan zen». Elkartzea lortu zutenean, ordea, egoera ez zen errazagoa izan. «Bizitza berri bat eraiki nahi genuen, baina lanik eta etxerik gabe zaila egin zitzaigun. Hizkuntza ere ez genuen ezagutzen», gogoratu Nakonexnak.
Ahizparen etxea utzi behar izan zutenean, argi zuten ez zirela Ukrainara itzuliko. Orduan ezagutu zuten CEAR-Euskadi. «Hemen, ondo gaude. Semeak gaztelania ikasi du, eta euskara ikasten ari da. Lana aurkitu nahi dugu, eta, batez ere, bizitza seguru eta baketsua izan nahi dugu».
(Puede haber caducado)