Europa eta anabasa
Berria, , 15-06-2016Eguraldia hobera joan ahala hasiko dira ontzi migrantez beteak maizago hondoratzen Mediterraneoan. Gehienez titular bat utziko dute gurean, bestela ere ez da jakiterik izaten aldiro zenbat ito diren. Jarraitzen du anabasak, bereziki Itsaso Jonikoan bidean direnak irensten, eta Europar Batasunean ez da planik ez proposamenik, ez bada mugak are gehiago ixtea.
Babestu dira epe motzera. Alemania saiatu da datorren udarako prestatzen, aurrekoan bezainbeste jende bertaratu ez dadin. Osatu dute integrazio lege zurrun bat, bertan geratu edota familia ekartzeko aukerak are gehiago zailtzen dituena. Itxi dute Turkiarekin deportazio paktu oraindik gogorrago bat, egun argitan defenda ezina, artean kurduez ezer esan ez, Armeniaz ere gutxi, eta aldiro Erdogan asebete beharra dutela. Saiatu dira errefuxiatu eskas batzuk Batasuneko beste estatuen artean banatzen eta hori ere ez dute lortu.
Begirada zabaldu dute jada. Bruselan badakite Greziarako bidea erdizka moztuta ere jendea beste bideetatik berdin saiatuko dela etortzen. Ez dela soilik Siria arazoa, epe ertainera gerrak pilatzen dabiltzala. Jada desagertua duten Iraken eta Libian, europar «akats» hura, oraindik ere interbentzio gogorrak datozela. Eta hor dagoela, epe luzera, Saheleko herritar askoren beharra. Afrika da etorkizuna, oinez datoz kolonialismoaren faktura pagatu gabeak.
Europa itxi nahi dute, Italia eta Greziara bidean migranteak itotzen ikusi gabe. Datozen urteotan migrazio fluxuak baretzea aurreikusten ez bada ere, ez da etorkizunerako inolako planik, kontrolak eta deportazioak areagotzeaz haratago. Gaitasun eza agerikoa da, gobernu bakoitza dabil hurrengo hauteskundeei begira. Ikusten dute joaten ari zaiela Europa eskuin muturrera, eta ez dakite auziari nondik heldu.
Europar Batasuneko agintaritzari darion ideologia zertzelatu dute nahi gabe Frank-Walter Steinmeier Alemaniako atzerri ministroak eta berlindar errepublikan itzal luzeegia duen Herfried Münkler irakasle eta aholkulariak, asteotan Berlingo Maxim Gorki antzokiak antolatu forumean. Azken hamarkadetan ekonomia politiko eta interbentzio militar berberak garatu dituzte Europako alderdi kontserbadore, liberal, sozialdemokrata edota berde nagusiek. Europaren ideian bat datoz. Haien gestioaren herrestan sorturiko krisi ekonomiko eta gatazka armatuak ez dituzte propiotzat baina. Ordena sortzen dute haiek, desordena berezkoa du munduak. Oraingoan ere, Merkel eta Orbánen arteko dikotomia faltsu bat darabilte, proiektu liberal eta interbentzionistaren defentsan. Demokrazia edo Autoritarismoa, diote. «Europar Batasuna edo anabasa. Eta Europar Batasuna gu gara. Bakea nahi baduzue, hau da dagoena».
Diskurtso lauso baina arriskutsua da, azken hamabost urteotan hainbeste gatazka eta min eragin ostean ohiko bihurtu zaiguna, etxean bertan ezgaitu beharrekoa. PSNko ezein zinegotziren diskurtso europazale geza bera baita botere erabakiguneetan Hollanderen Maliko gerra. Eta gurera datozen auzokide berrien inguruan Marotok ekarri, eta, egun, EAJk Gipuzkoako Aldundian darabiltzan hitz hutsak baitira deportazio politikaren aldeko argudioak Europa mailan. Horrela ezin da jarraitu, ez bagaitu Europar Batasuneko agintarien miseriak gu ere hondoratuko.
Europako demokrazia liberalen Turnismo lasaia hautsi da. Alderdi tradizionalek krisiaz beste politika sozial gogorrak bultzatu ostean, sakonago ari dira okertzen osatzen doazen gobernu eta mugimendu berriak, berdin Batasunaren alde edo aurka egon, erreakziora eta are ultraeskuinera. Hegoaldea salbuespentzat kenduta (Europar mugatuak izatearen sentsazioak supremazismo identitarioa hauspotzeko aukerak urritu ditu), Europa etsi bat ardazkatzen hasi da.
Desagertze baten kronika ere bada. Ezker estatalak, azken bi hamarkaden atseginean parlamentarioren bat irabaztera jolasten ibili ostean, gosea eta pobrezia bezalako arazoak ezin landu esnatu ditu 2008ko krisiak. Auzo herrikoiak eta lantegiak zinismoz albora utzita, erreakzioak da orain beldur burgesa baliatu eta subirautzaz, eliteek osturiko ongizateaz eta ondasun amankomunen eraisteaz diharduena, batera identitate nazional hertsiak puztu eta kanpokoei errua botatzen dietela. Halere, argi ibili. Historia ez da inoiz errepikatzen, eta ezer ez da betiko. Honetan ere Cruyffek arrazoi: Baloia guk badugu, haiek ezin dute golik sartu. Berriz ere osatu beharko dira, bada, gehiengo herrikoiak.
Oraindik ere gurean anabasaren gogorrari aurre egin beharrak harritzen bagaitu, Europar Batasunaren irudi onbera eta okerra genuen harturik. Zein da bada, eraiki beharreko begirada? Berriz ere migranteengandik xumean ikasi beharrean gara. Migranteen ikuspegiari heldu, eta gure egin arte ezinen dugu zehazki egungo egoeraren larria begiztatu. Ez azalen ilunaren arabera osatu den Europa hau. Ez egungo politikaren ustela noraino hedatu den, esku-hutsik zatozela kriminal baten gisara zarabiltzanean. Begirada migrante oso bat, berriz ere hasiko bagara Europa honi bidea itxi eta duintasuna antolatzen.
(Puede haber caducado)