Frantziako bi polizia hil dituen erasotzailea EIrekin lotu dute

Bideo batean leialtasuna agertu dio Estatu Islamikoari. Hollandek ohartarazi du Frantziak «mehatxu terrorista handia» duela aurrez aurre

Berria, Ander Gartzia Badiola, 15-06-2016

Frantziako Poliziak hiru gizon atxilotu ditu, eta herenegun bi polizia hil zituen erasotzailearekin lotu dituzte. Erasotzailea Larossi Aballa izenez identifikatu dute, 25 urteko gizonezkoa. Aballak gizonezko polizia bat hil zuen labankadaz bere etxe aurrean, Magnanville herrian —Paristik 60 kilometrora—, eta, etxe barruan sartu ostean, poliziaren emaztea eta hiru urteko haurra bahitu zituen. Frantziako indar bereziek tiroz hil zuten erasotzailea. Umea onik aurkitu zuten; emakumea —polizia hura ere—, berriz, hilik. «Eraso terrorista izan da», adierazi zuen Frantziako presidente François Hollandek. «Frantziak mehatxu terrorista handia du aurrez aurre. Mehatxua handia da leku guztietan, eta elkarlanean aritu behar dugu».

EI Estatu Islamikoaren Amaq berri agentziak Aballak bere buruari grabaturiko bideoa publikatu zuen atzo arratsaldean. Bertan, bi poliziak hil zituela aitortu, eta leialtasuna agertu zion talde jihadistari. Segurtasun indarrek zerrenda bat aurkitu zuten krimenaren lekuan, Aballak ustez helburu zituen pertsonen izenekin osatua; tartean, jende ospetsua, kazetariak, bera preso egondako kartzeletako zaindariak, poliziak, eta rap kantariak. «EIren deiari erantzun dio Aballak: fedegabeak beren etxeetan eta beren familiekin hiltzea», adierazi du François Molins fiskal nagusiak.

Bi urtez, atxilo

Aballa atxilotua izan zen Frantzian 2011ko maiatzean, Pakistanera eta Afganistanera jihadistak eramateaz arduratzen zen sarean parte hartzeagatik. Hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Epaiketa hartan, aitortu zuen «galduta» sentitzen zela eta Internet bidez erradikalizatu zela. Le Monde-k Aballak auzitegian egindako testigantza bildu zuen kronika batean: «Ez neukan lanik, eta irakasle izateko azterketa ez nuen gainditu. Erlijioaz hitz egin zidaten, eta bertan aurkitu nuen erosotasuna». 2013ko irailean gelditu zen aske.

Manuel Valls Frantziako lehen ministroak kritikak jaso zituen atzo, erasotzailea ez zegoelakoan ondo zainduta. Vallsek argitu du zerbitzu sekretuek «erradikalizatu daitezkeen» 9.700 pertsona dituztela, oraingoz, identifikatuta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)